top of page
Image-empty-state.png

Invisible

+Flb: Hotzanak, for your own safety (A) ∙ Euskadi ∙ 2013 ∙ 5 min. ∙ Zuz.: Izibene Oñederra


Gonb.: Víctor Iriarte, zuzendaria.


Ia ikusten ez den film bat sortu du Victor Iriarte zinemagileak (Bilbo, 1976). Pantaila beltz bat, eta soinurik ez. Bi hitz soil: «Baso bat».


Gero, pantaila beltza berriz ere, eta beste hiru hitz. «Baso elurtu bat». Nahikoa, ikusleak buruan baso elurtu bat hazten igartzeko. Banpirorik gabeko banpiro film bat dela dio berak, autorik gabeko road movie bat, maitasun film bat eta musikal bat. Eta egia da dena, baina, nagusiki, Maite Arroitajauregi Mursegomusikariari buruzko film bat da Invisible (Ikusezina). Diskoa entzutean, ikusezin diren estudioko unerik intimoenak erakusten ditu lanak, baita kanten atzeko musikariaren eta zinemagilearen arteko harreman hurbila ere.


Haren lehen lan luzea da, eta Iruñean eman zuten atzo, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Ikuspuntu Jaialdian.


Lehenago ere egina du lanik musikariekin. Baditu bi lan Miztura eta Lisabo taldeekin, bakoitzarekin bat, baina berezia da Mursegoren kasua harentzat, eta horregatik berezi egin nahi du hari buruzko filma ere. «Hasiera-hasieratik argi nuen ez nuela egin nahi CDarekin batera joan daitekeen ohiko estudioan grabatutako dokumental bat. Ez nituen grabatu nahi teknikariaren eskuak bolumenak igo eta jaisten. Hori oso argi nuen». Baina ez da hori bakarrik. Izan ere, estua da Iriarte eta Arroitajauregiren arteko harremana: elkarrekin idatziak dituzte zenbait abestiren hitzak, eta elkarrekin bizi izanak dira. Eta zuzendariak ez dio muzinik egin intimitate horri. Horregatik dio maitasun film bat ere badela. «Iraganeko hondakin horiek baliatuta, zerbait eraiki nahi izan dut lan honetan».


«Niretzat oso gertukoak dira filmografia eta biografia hitzak. Estuki lotuta daude», dio. Hori izan da orain arte izan duen jarrera. Lehen pertsonara hurbildu izan ditu bere lanak, eta orain urte batzuk sortu zuen ekoizpen etxearen izena aipatzen du bere lan egiteko modua azaltzeko: caja con cosas dentro (barruan gauzak dituen kutxa). «Ohar koaderno baten neurriko zerbaitera eramaten ditut beti nire proiektuak». Hor aritzen da eroso. Eta horra eraman du Invisibleere. Bere burua ere sartu behar izan du horregatik filmean, eta bera ageri ez den arren, haren ahotsa ere mintzo da pantaila beltzeko testuetan. Lehen pertsonan.


Estudio kronika bat ere bada filma. Mursegorekin batera sartu zen estudiora Iriarte Bi izeneko diskoaren grabazioan, eta prozesu hura erregistratzea izan zen bere asmoa. Minutu beteko plano bat eta pantaila beltzak kenduta, grabazio estudioaren barruan hartutakoak dira filmeko plano guztiak. Orduak eman zituen bertan Iriartek kamerarekin, eta ziur zen irudi horiekin film bat egingo zuela. Zer film izango zen zehaztea falta zitzaion, ordea, eta muntaketa lanetarako utzi zuen lan hori. Hor hasi zen filma film bilakatzen. Hor uztartu zituen oroitzapen pertsonalak eta abestiak, musika eta banpiroak.


Garbi ageri du, halere, Mursegoren sorkuntza prozesua Iriartek. Bakarrik dago gelan Arroitajauregi, kaskoetan musika entzuten, eta eskuetan gehienez ere musika tresna bat duela. Izan ere, loop bidez osatzen ditu kantak zuzenekoetan, eta, hala, tresnaz tresna doa abestiak eraikiz. Estudioan ere geruzaz geruza grabatzen ditu piezak, eta denak pilatzean sortzen dira kantak. «Interesgarria da nola lan egiten duen ikustea», dio Iriartek. Eta hori da filmak erakusten duena. Zalantzati ageri da une batzuetan mikroaren aurrean musikaria, adi, grabatu ahala zer grabatu erabakitzen. Jauzi egin, eta jauzi egin ondoren, nora heldu nahi duen erabaki nahiko balu bezala. Erorialdirik ere ez du ezkutatu, gainera, Iriartek, eta akats eta guzti hartu ditu grabazioaren nondik norakoak. Jostari ere ageri da Arroitajauregi beste batzuetan, benetan jostari, serioski jostari: txilibitua balitz bezala behartzen du txeloa batzuetan, eta txilibitua txeloa bezain serio lantzen du besteetan.


Ahotsaren alderik basatiena

Nabarmena da Mursegoren ahotsaren presentzia filmean, baina apenas esaten duen hitzik. Uluka, lantuka eta garrasika erakusten du

Iriartek musikaria, baina kantu arrastorik ez kasik. Esaldi bakar bat baino ez. «Inork ez du zure sekretua ezagutzen». Ez da kasualitatea, Arroitajauregiren alderik basatiena azaldu nahi izan du zuzendariak. «Une horien bila joan nintzen muntatzean. Horiek iruditzen zaizkit indartsuenak, eta maiz egiten du jolas hori zuzenekoetan ere: hizkuntzak asmatzen dituenean, kasurako. Tripetatik ateratzen zaiona adierazten du halakoetan».


Argentinan erakutsia du filma, baita Italian, Txilen eta Frantzian ere. Atzokoa izan zuen Euskal Herrian estreinaldia, eta biran jarraituko du gero: Madril, Bilbo, Mexiko… Proiekzio ostean Mursegok kontzertua emateko asmoa ere badute, gainera. Pozik dago Iriarte bere lanak izandako harrerarekin, eta Ikuspuntu jaialdian bereziki eroso dagoela dio.


Rockaren gisako zinema

Esperimentala da filmaren asmoa, baina asmatu du generoen konbentzioak bere alde baliatzen. Testu idatziak baliatu ditu horretarako. Pantaila beltz uztean ageri diren hitz solte horiek. «Banpiroei buruzko film bat dela esaten baduzu, gero pantailan baso bat hitzak idatzi, eta listo, ez da gehiago behar. Eta merkeagoa da! 50.000 estra erditik zabaltzen den Itsaso Hila gurutzatzen. Aurrez egin dira halako filmak, eta nahikoa da hitz horiekin, denon burura irudi hori ekartzeko». Eta behin baino gehiagotan baliatzen du jolas hori filmean.

Filmaren hasieran hitz baino ez den basoa benetako baso bilakatzen da amaieran.


Erdi txantxetan azaltzen du zinemagintzari buruzko bere ikuspegia. «Rockaren gero eta antz handiago izan behar luke zinemak. Musika askoz ere azkarragoa da. Mursegok ideia bat izan dezake, txistu eginez atera dezake melodia bat, eta aste betean egon liteke gertatu zaizun zerbaiti buruz mintzo den abesti bat. Egunerokoa eta barrutik gertatzen zaiguna kontatzeko popak duen modua asko gustatzen zait. Badaude ildo hori lantzen duten egileak, baina hainbeste kostatzen zaigu egunerokoarekin halako lotura duten filmak aurkitzea?». Ez ote lukeen errazago musika talde bat sortzea galdetu, eta azkar erantzun du: «Ez dakit tresna bakar bat ere jotzen». Iñigo Astiz (Berria.info 2013-02-22)


BIBLIOGRAFIA

- Foucault, Michel (2012) Esto no es una pipa: Ensayo sobre Magritte. Eterna cadencia: Buenos Aires.

- Iriarte, Víctor (2012) “Cajas con cosas dentro presenta” en Territorios y fronteras. Universidad del País Vasco: Bilbao.

- Lacuesta, Isaki (2012) “Los amores invisibles. Notas provisionales sobre el cine de León Siminiani y Víctor Iriarte” en Territorios y fronteras. Universidad del País Vasco: Bilbao.

- Wajcman, Gérard (2001) El objeto del siglo. Amorrortu: Buenos Aires.


Artículo tomado en la reb de ‘Marienbad, revista de cine’, publicado por Eduardo Marún, febrero de 2013.

2171 SAIOA - 2014/4/8 

INVISIBLE ∙ Espainia ∙ 2012 ∙ 65 min. 

Zuz.: Víctor Iriarte ∙ G.: Víctor Iriarte ∙ Mnt.: Marine de Contes eta Víctor Iriarte ∙ M.: Mursego ∙ Eko.: Cajaconcosasdentro & Krea Expresión Contemporánea ∙ Akt.: Maite Arroitajauregi (Mursego)

Harremanetarako: Jorge Barrio

Administrazioaren eta liburutegiaren helbidea:

San Nikolas de Olabeaga kalea, 33, 2º

618 31 84 31  -  info@cineclubfas.com

Proiekzio Aretoa:

Indautxu Aretoa (Indautxu Plaza z/g)

Babesten dute

Diputación Bizkaia horizontal.png
ayuntamiento-bilbao-logo-vector-reducido
bottom of page