ZINEMALDIA 62

ZINEMALDIA 62. (2014)  Ibaia, Itsaso eta IRUDIAK

Ttipi-ttapa, (Urumea) ibaiaren ibilbideari jarraituz, (Kantauri)   itsasora iristen gara: geurea dugu irudia, hondoratutako kuboak.  Ibaiaren ertz  batetik bestera egiten dugu jauzia, emanaldi berri baten  bila. XX. mendearen hastapenetik  (Victoria Eugenia / Maria Cristina  -1912- ) mende beraren bukaerara arte  (Kursaal -1999- ), eta aurretik  atzera edo atzetik aurrera… irudiak (erretinen  bitartez) gogoan  ‘grabatzen’ dira.
62. Zinemaldiaren hasieran ikusitakoa, modu sinplean, kontuan  hartuz, honatx pintzelada batzuk.


PERLAK

“Mommy”. 2014   Kanada. 134’  -> Xavier Dolan
   Hautsitako familia: aitarik ez (duela hiru urte hilda), hamabost   urte inguruko semea errekuperaziorako zentroetan (hiperaktibitatea), eta  baliabide  urriko nahiz ‘norabide ezean dabilen amatxo’. Horiek ditugu  saskia egiteko Dolan-ek  erabilitako osagaiak, istorio itogarria,  Epaimahaiaren Sari Berezia jaso egin zuena  Cannes-en. Euren aurrean  familia ibiltari bat (auzora etorri berria), Quebec-en  edonon.  Eskertzen diogu Dolan-i hiritik kanpora eraman izanagatik, harremanetan   arreta jartzeko ‘naturaltasunez’ (natura)… udazken, negu, udaberria. 


   Beste ‘ama’, lagun berria eta arazoekin ere bai (toteltasunean  islatua). 


   Tonu desberdinez gora eta behera egiten dugu filmaren erritmoan.  Samurtasun eta  adiskidetasunaren, krisi eta indarkeriaren artean. Gure  aurrean dugu Annie  Dorval bikainaren sekulako antzezpena (Diane,  amatxo), Antoine-Olivier Pilos-en  (Steve, semea) eta Suzanne Clément-en  (Kyle, auzokoa) laguntza ederrarekin.  Xavier Dolan-ek hirukote berezi  eta originala asmatzen du, emozioetan  garamatzana. Ezusterik gabeko  amaiera, oro har, zapore ona uzten duena (upelako  ardoa bezala), nahiz  eta filmean zenbait egoera ‘luzatu’ egon.


SAIL OFIZIALA   
“La isla mínima”. 2014  Espainia. 105’ -> Alberto Rodriguez
         Ia hamar urte pasa dira “7 vírgenes” (2005) film  hartatik, zeinetan Alberto Rodriguez aurkitu  genuen, haren ‘savoir  faire’ agerian utziz, bereziki, aktoreak  (Ballesta-Carroza) zuzentzeari  dagokionez, kasu honetan Raul Arevalo - Javier  Gutiérrez. Urbizuk  irekitako zirrikituari (“No  habrá paz…”) probetxua ateraz,  Albertok sakonezko ‘polizia-thriller’ batean  murgiltzen gaitu Huelva  eta Cadiz arteko paduretan. Kredituetan ahozabalik  uzten gaitu (ez  dakit bada tranpa amazoniarra ote den). Zirraragarria! Eta, aldi   berean, zoragarria.
         

Nahi gabe, arrastaka zaramatzan bilbea, atmosfera bikainean   estalia, bisuala nahiz musikala Julio de la Rosa musikariarekin  (Albertorekin “7 vírgenes’ filmean ere jardun zuena).  Gidoia  ezin hobeto armatua, ia-ia borobila (gauza pare bat solte gelditzen   dira, apuntatu eta diluitzen direnak: hiltzailea, boterea, iragana,  greba), ez  zegoen ezer gehiago egiteko astirik. Ikusi beharra dago… ea  zer iruditzen  zaizun.


SAIL OFIZIALA  
“Une nouvelle amie / Neska-lagun berria. 2014  Frantzia. 107’ -> François Ozon
         Orain dela bi urte “Dans la maison” (2012) ikusi ondoren,  gidoi indartsua (urte  hartako maskorraren irabazlea), ilusioz etorri  ginen François-en lan berriaren emanaldira,  baina ufa!!! Hura  dezepzioa! Ausartua, hori baí, baina istorio hutsala, Romain  Duris-ek  (David/Virgínia) pertsona¡aren antzezpen bikaina egin arren. Agian,   inguruak (etxetzarrak, autoak eta pertsonaiak) istoriotik urrundu egiten  gaitu.  Lan egin ala ez (hor ez dago koska), azken batean, filmean  sartu gabe gelditzen  zara, hasiera ederra eta zehatza badu ere  (Lauraren hiletan Claire-k euren  arteko adiskidetasunaz aritzen da),  Ozon ederki dabil, alabaina, erdibidean  gelditzen da, alegia, komedia  erromantikoaren (ondo) eta izakiaren zalantzaren inguruko  gogoeta  burutsuaren artean (oso gaizki), Anais Demoustier-k (Claire)  ahalegintzen  da pertsonaiari behar bezala ‘eusten’, baina alferrik  (nire ustez). Hurrengoan  izango da! ...itxaropen gehiegi, beharbada.  Kanadan filmatua (hala iruditu zait).


PERLAK 
“Retour à Ithaque / Itzulera  Itakara. 2014   Frantzia. 95’  -> Laurent Cantet
         Oraingo honetan Laurent Cantet Habana aldera joan zaigu.  Egundoko filma (ez  guztientzat, uste dut), izan ere, sei aktoreren  arteko ‘tour de force’ delakoa  egitera ausartzen da. Ia egun batez  berriz elkarrekin egotea. Abiapuntua da  ‘Eva María’… se fue, buscando el sol en  la playa… eta horretan datza: joan-etorria (Retour), geroago, Serrat. Aktoreek   ‘izugarrizko’ sendotasuna agertzen dute antzezpenean, amaren “frijolek”  gozarazten  ari zaizkit oraindik ere. Ilusio haien nostalgia, Kubaren  kasuan areagotzen  dena. Barre eta negarra eragingo dizute (paketearekin  batera datoz), badakite  emozioak barneratzen, testuari nahiz formari  dagokienez. Bada, ordu amaiezinak  etxeko terrazan. ‘Dagoeneko ez gara  ginena’, penak eta pozak… banan-banan ‘biluztuz’  doaz narrazioan… agian  horregatik, bitxi txiki hau ez da mundu guztiaren  gustukoa. Niri  xarmagarri iruditu zait, Toronto-ko ikusleekin gertatu zen  bezala …  Frantses bat (Cantent) Kubako muinean… Toronto-n gogoz txalotua.  Harrigarria,  ez da? Argibideok zure gogokoak izan badira, ikusi beharra  daukazu nahitaez.


SAIL OFIZIALA
“The drop”. 2014  Estatu Batuak 107’ -> Michaël R. Roskman
         Atlantikoz beste aldean segitzen dugu, Brooklyn-eko negu  hotzean, baina  amaieran ‘forsythia’ bat loretan dago (arrastorik ote  da?). ‘The drop’  kontzeptua azaltzen digun off ahotsa, mafia  berriztatua. Michaël R. Roskman-i film  borobila gelditu zaio (ez du  arrakasta handirik erdietsiko, alabaina, pozik  egon behar du), belgikar  honek 2004. urtean ekin zion filmatzeari, eta oraingoan  Atlantikoz  beste alderako jauzia egin du, errodatzeko moduagatik. Dennis Lehane-ren   gidoia irmoki armaturik dago. Halaber, ia entzunezina den soinu-banda  musikala  gehitzen diogu, zinta osoan zehar lagundu egiten dizuna (hala  esaten al da, orain?),  Raf Keunen dugu horren erruduna. Eduki onekoa  eta, dagokionean, ozena… plazer bat!  Honako aktore hauekin: James  Gandolfini, pantaila osoa betetzen duena… pertsonaia  sinesgarriaren  antzezpena egiten du, gehiegizko keinurik egin gabe, ia  indarkeriarik  gabeko exekuzioak (bi esanahietan) egiten ditu, guztizko presentzia,   duen begirada, keinuak, dikzioa (sekulakoa!). Tom Hardy dugu Kontrapuntu  gisa, poloniar  emigrantearena egiten duena, hieratikoa, lasaitasuna  transmitituz mundu ustel batean  (Mafia txetxeniarra…!!!). Emakumezkoen  ukitua falta genuen: Noomi Rapace (Nadia,  txisteko izena duena) aktore  suediarra, mugitzean, edertasun bereziari eta ‘egote’  desberdin horri  maitasuna dariena, besarkatzeko gogoa eragiten dizu (babesteko).
         ‘Film txiki’ honetako talde osoak ‘handia’ dela sentiarazten   dizu. Hala pentsatu zuten bertaratutako guztiek, batez ere, James  ‘super’  Gandolfini-ri egindako eskaintza agertzean (haren oroimenez).  Eragina sortzen duen  filma, handikeriarik gabekoa eta zuzena… ZINEMA  indarberritzen du.


SAIL OFIZIALA
“En chance til/Bigarren aukera 2014  Danimarka - Suedia. 105’  -> Susanne Bier
         Istorio bihurria, egonkortasunaren eta ezegonkortasunaren  ingurukoa, irudiz  izan daitekeena, baina ez dena. Begia darabil lehen  planotzat, pentsamenduaren  kateko lehen kate-maila gisa (ikusten duzu –  pentsatzen duzu), eta Susanne Bier  jolasean dabil horrekin. Horretara,  harrigarrizko eraginkortasunez zaramatza bere  alorrera. Baliabide eta  efektu gehiegirik gabe. Istorioak nahiz lau ekintzak harrapatzen   zaituzte ibilbidean (105’).  Halaxe lortu zuen “Brodre/Anaiak” (2004)  filmarekin, egoera mentalean, sentimenduetan  eta beraren ondorioetan  muturra sartuz. ‘Oraingo honetan’ istorioa bihurritzen  du berriro ere,  eta suspense ‘jarraituari’ eusten dio. Egia esan, itxura  ederreko  protagonista haiek ez naute batere hunkitu, alabaina, haien atzean   Nikolaj Lie Kaas (Tristan) dugu, agertzen den bakoitzean, ia konturatu  gabe eszenaz  jabetzen dena. Aldiz, ‘politek’, gaizki egon gabe, ‘posea’  besterik ez didate  transmititzen. Eszena-girotzeak  (barnealde–kanpoaldea, ongizate-pobrezia, ontasun-gaiztotasuna),   itsasoak eta Johan Söderquist-em musikak estaltzen dituzte arrakalak,  eta filmtxoa  badoa. Halaber, kontrapuntu gisa aritzen den bikotearen  aipamena egingo dut, istorioari  aitzakia perfektua ematen baitio.  Gustura ikusten da. Lastima ezinbestekoa ez  den amaiera buenista hori.
         Ez dakit irakaspenik ote dagoen: ‘dena daukazulakoan zaudenean, zerbait falta da…’


PERLAK
“Pasolini”.  2014  Frantzia–Italia-Belgika. 87’  -> Abel Ferrara
         Bada, bada… dirudienez, FINE (sinbolikoa) nire neuronak  borrokan, eztabaidan, kontraesanean  ari dira, izan ere, kredituetako  izenburuetan ‘kulturaren ondarea’ edo  horrelako zerbait agertzen da.  Frantsesek, italiarrek eta belgikarrek indarrak  batu dituzte, Abel eta  Willem estatubatuarrek euren harri-koskorra ekarri dute,  eta  ‘amaitzean’ zerbait falta zaidalakoan nago. Film honek Pasolini-ren   unibertsoan murgiltzeko gogoa eragin dit: poeta, zinegilea, sexuala,  politikoa…


         Ikusitako film-atalak ez naute mindu: Pasolini familiarra,  Pasolini-ri egindako  elkarrizketak (frantsesez, italieraz,  ingelesez..), gris koloreko Roma, bilaketa  sexuala. Hala ere, …ren  faltan gelditu naiz. 


         Aretoan, Abel eta Willem, txalotzen dut, alabaina, oraindik  … falta zaidala sentitzen dut.
         Venezian bezala, Donostian badirudi ikusleak ‘guztiz’  konbentziturik  gelditu ez direnik, are gutxiago kritikari dagokionez .

-> eta (niretzat) Zinemaldia sar dadila kalabazan,  geroz  eta handiagoa, ‘itsasoko’ oldarrak (krisia) saihestuz, dike donostiarrek   pairatu behar izan zituzten ez bezala. Azken finean, ez da txarra izan  ‘paseo’ zinematografiko  hau, hurrengoan elkar ikusiko dugu (63.a).


txarli


Image-empty-state.png