Suntsitu dezagun kultura

Ondo dago. Suntsitu dezagun behingoz kultura. Azken batean, nori  axola zaio milaka pertsonak ilaran egon daitezen Antonio Lopezen  gaitasun bikaina miresteko. Gorde ditzagun bere koadroak biltegian, ez  dezala inork erakutsi edo ikusi, inork ez dezala horietaz berba egin, ez  dadila inor hunkitu irudimenetik eta gizakiaren eskuetatik sor  daitekeen magia egiaztatzean. Ez diezaiogun utzi margolariari bere  obratik bizitzen, hil dadila gosez edo bertan behera utz dezala  margogintza, lorategi publikoetako lorezaintzan aritzeko.


Ez. Are hobea. Erre ditzagun bere koadroak, ez dute ezertarako balio eta  gastu handia dakar beroriek mantentzeak. Are gehiago, Deuseztatu  dezagun Sixtina Kapera, leher ditzagun Altamirako leizezuloak, hondakin grekoerromatarrak… Suntsitu dezagun kultura, puri-purian dauden  hizkuntza gutxituak, musika eta zine jaialdiak. Beharrezkoak ez diren  gastuak dira, azalekoak, egia da. Filmak egin, poesia, ipuinak idaztea bezain ez beharrezkoak. Zer esanik ez kontatzeari buruz… Utz diezaiogun  abesteari. Erre ditzagun liburutegiak, argazki artxibategiak eta  oporretako argazkiak. Utz diezaiogun argazkiak ateratzeari. Ez dezagun  hitz egin ardoaz edo txakolinaz norberak gozatzen duenaz, pintxoekin eta  lagunekin… gozatzen dugunaz. Gera gaitezen etxean, giltzapean gera  gaitezen reality ezin arinagoak ikusten, egin dezagun lan 12 orduz  egunean, jan dezagun arratoi-pozoia eta egin dezagun amets bizitzarekin.  Ez dezagun irakurri, idatzi are gehiago, ez gaitezen mintzatu denbora  galtzea da eta. Alfer alaenak! Suntsitu dezagun behingoz kultura, beste  lehentasun batzuk daude. Aukera itzazue hilkutxak eta goza ezazue  bitartean lobotomiaz.


P.D Ibsen irakurri eta Txikiren “Kutxa” ikusi ondoren idatzia.

Iratxe Fresneda I Kazetaria eta Ikus-entzunezko Komunikabideko irakaslea.

Image-empty-state.png