SEMINCI-59

PISUERGA ETA GARONNE KRONIKA

Pisuerga-z ari gara.… aurreko astean Garona ondoan egon ginen ere bai.
Hala bada, Valladoliden zehar ibili eta 59. SEMINCI ikusi genuen, eta  astebete  lehenago, kasualitatez, ia jaio berria den Bordeleko  III. Festival international du film indépendant (FIFIB) izenekoan izan ginen. Labur dezagun.

Sail Ofiziala (Carrión  antzokia)
“Deux jours, une nuit”  Jean-Pierre eta Luc Dardenne   2014 / Belgika-Frantzia-Italia  / 96’     
Aurtengo  Seminci-n (2014) Dardennetarren  azken lana izan dugu abiapuntutzat. Film  zehatza eta ia etengabe  markatzaile gisa jarduten duena. Dardenne anaiak  berriro barneratzen  dira belgikar gizartean, kasu honetan Marion Cotillard  bikainaren  eskutik, ‘neurrizko’ antzezpen ederra, haren pertsonaia izaki sinesgarri   bihurtuz. Aktore-multzo batek ongi lagundu eta ‘oreka’ ematen diote  Sandrari (Marionen  pertsonaia). Agian, Dardennetarrek agerrarazten  gaituzten maratoi moduko  horretan, alferrikakoak dira hasieran  Sandraren eta antzezkideen arteko solasaldian  behin eta berriz  aipaturiko hitzak.

Handikeriarik  gabe, Dardennetarrek, Belgikari buruz ‘gaur  egun’ duten ikuspegia eraikitzen  dute, jatorrien eta psikologien  mosaikoa. ‘Graziarik gabeko’ sekuentzia batetik  abiaturik (zeinetan  gerentearen eta bi emakumezko langileen arteko solasaldiak bidea  ematen  dion filmaren jatorriari: kaleratzea versus ‘prima’) zenbait gorabehera  sortuko  dira, bereziki, emoziozkoak (Sandra), “bi egun eta gau batean”  helburura  iristeko.

Irakaspenezko  amaiera, garaipen zaporea duen porrotarekin.  Aurreko filmik berrienetan gertatu  ez bezala, oraingoan Dardennetarrek  ez digute zirrara handirik sorrarazi,  alegia, “Le silence de Lorna” edo  “Le gamin au vélo” filmak, hala ere, eutsi  egiten diote maila onari.
  
Sail Ofiziala (Carrión antzokia)
“Marie Heurtin”  Jean-Pierre Améris      2014 / Frantzia /95’
J-P Améris erretratu historikoaz (XIX. mendearen amaiera) eta egiazko  oinarriaz  baliatzen da, Frantziako landa eremuan koka gaitezen,  zehazki, mojek  kudeaturiko abegi-zentro batean. Zentroan hartutako  neskato gor-itsu baten istorioa,  alegia, Marguerite mojak (Isabelle  Carré) Marie (Ariana Rivoire) zaintzeko  ardura hartzen du. Hortik  aurrera, bi pertsonaien arteko ‘tour de force’ handia  sortzen da gure  aurrean, lasaitasunezko paisaia-eremuan tentsio handiko uneak  biziko  direnak. Hobekuntza pertsonala eta etengabeko erronka eskaintzen dira  istorio  honetan (bereziki, Ariana Rivoire-ren kasuan, zailtasunez  beteriko antzezpena  egiten baitu), zeinetan Marguerite lekaime  saiatuaren mistizismoak kontrapuntua  jartzen dion.


Améris-ek bi pertsonaien antzezpenaren esku uzten du interes nagusia,  aldiz,  ingurua, Marie-kin dauden neskak edo zentroko  lekaimeak  bigarren mailan gelditzen dira nabarmenki. Era berean, hasieran  horrelako  metodoari muzin egiten zion moja nagusi bat txunditurik  amaitzen da (istorioan  txertatua). Badirudi sentimendu bakarra dagoela,  hau da, hobekuntza  pertsonalarena, eta Améris-ek hartara garamatza  begikotasunez. ‘Negar malkotan’  erori gabe, pixkanaka txunditu egiten  gaitu. Aldi berean, Marie-ren zerbait  ikusleengan barneratzea lortzen  du: errebeldia, maitasuna, borroka eta konprenitzea.

“Berlin Troika”, Andrej  Gontcharov, 2014 / Alemanía / 10’ / Fik. Luzearekin batera film labur bat proiektatzen da. Oraingo honetan Andrej Gontcharov-ek ‘bakeaz’ egindako solasaldi serio-komikoa aurkezten  digu, itzultzaile  baten hamar minutu jenialak. Sekulako giropena eta  antzezpena. Laburra eta ona,  debut ederra.


Sail Ofiziala (Calderón  Antzokia)
“Whiplash” Damien  Chazelle       2013 / USA / 105’

Calderón antzoki berriztatuak 2014ko 59. Seminci-ren  goizeko saioa  hartzen du Horretara, goiko jesarlekuetara  abiatzen gara, “Whiplash”  filmaren bertsio luzean barneratze aldera, aurrez Damien  Chazelle-k  berak film laburrez garatu egin zuena. Halaber, estatubatuar filma  dugu  hau, zinemaldi honetan oso ohikoa ez dena.


Film musikala, estalia, musikari batek arrakasta lortzeko egiten  dituen  ahaleginetan oinarritua (gainerako guztiek gustatu ala ez). J.K.  Simmons ‘totala’  ikusteko parada dugu, Terence Fletcher irakaslearen  paperean (pantaila nahiz  ikusleak jan egiten ditu), baliteke une  batzuetan gehiegizko antzezpena egitea,  alabaina, ez zaitu indiferente  utziko. Antzeko zerbait esan daiteke bere  aurkariaren kasuan (Miles  Teller), Andrew Neyman ikaslearena egiten duena (eta  nola!). Inpaktuzko  filma dugu hau, ondo egina eta, zalantzarik gabe, publiko  zabalak  harrera ona egingo diona. Jazz zaleok izugarri gozatu dugu, dena dela,   zinematografikoki egoera luzeegiak eskaintzen dira. ‘Kamera subjektibo’  bikainez  gozatu, eta ez, egin genuen. Hala ere, oro har, irabazle eta  garaituaren  irudiarekin geldituko gara, ‘aurpegi ona’ aterarazten  diguna. Gainera, denbora  laburrean bada ere, Nicole-ren pertsonaiaren  txertatze perfektua (Melissa  Benoist) aipatzea geratzen zaigu, une  batez zalaparta handitik aldentzen diguna.

“42 zb.ko Symphony” Réka  Bucsi         2013 / Hungaria / 10’ / Ani.

Une batez, Alberto Vázquez + Pedro Rivero-ren “Birdboy” edo  “Unicorn blood” filmen  aurrean nagoela deritzot. Gizon-animalia edo  animalia-gizonaren inguruko ikonoak  eta alegoriak. Serpentina amaiezin  gisa munduari bira gabiltza animaliez inguraturik,  morse moduko  hizkeran mezuak bidaltzen dizkigutenak (batzuk jenialak).


Topalekua (Zorrilla antzokia)
“Kauboji” Tomislav  Mrsic              2013  / Kroazia / 104’ 

Plaza Nagusiko Zorrilla antzoki zaharberrituan itsasoz beste aldera  goaz, Kroaziara  hain zuzen ere, Adriatiko kostalde turistikotik  urrutira. Ia-ia ‘lKaurismäki-ren  munduetan’ murgildurik (ez-jakineko  lekuak). Hasiera deskriptiboa testuinguruan  koka gaitezen:  petrolio-ustiapenetan zehar dabilen ibilgailu baten gaineko plano   zenitala. Barnealdea.

Presta gaitezen komedia gazi-gozo honetaz gozatzeko  (Oscar  sarietarako Kroaziak aurkeztua). Tomislav-ek bi argumentu-ildo aurkezten   dizkigu: bata, bizitza indibidualen jostura eta bestea, antzerkia  (filmaren  jatorrizko antzezlana).

Aipatu hasieraren ondoan, Tomislav Mrsic-ek kredentzialak   aurkezten ditu antzezlan bateko hautatze-castingean. Barrez lehertzeko  pelikula  osoan zehar, eta hortik abiaturik film normal bat dugu gure  aurrean, zeinetan  ia ez den ezer gertatzen, baina ingurunea eta klase  sozialak erakusten diren. Gagen  artean hausnarketa-puntua. Osorik  hartuta oso lan duina da, eta helburuari  heltzen dio… denok barre  egitea.


III FESTIVAL INTERNATIONAL DU FILM INDÉPENDANT BORDEAUX


FESTIVAL INTERNACIONAL DU FILM INDEPENDANT  BORDEAUX            Kasualitateak eta zirkunstantziak, Bordeleko  bisitaldian 3. FIFIB-ekin  egin genuen topo, zinemaldi ‘txikitxoa’ frantses  zinemaldi-eremuan  leku bat izateko ahaleginetan dago. Beraz, probatzearren…


Compétition Officielle (Utopia)
“Vincent n’a pas  d’écailles / Vincent-ek ez du ezkatarik” Thomas Salvador  2014  / Frantzia/ 78’
Ustekabean Thomas Salvadorren ekoizpen arriskutsua eta duina  ikusteko aukera  izan genuen, egilea aretoan bertan zegoelarik.  Oraingoan Thomas Cheysson eta Thomas Bidegain gidoilariek  lagunduta. Fantasiazko film arrunta, Thomas Salvador bera  interprete  gisa aritzen da. Langile xume bat du pertsonaiatzat, urarekin   kontaktuan dagoen bakoitzean, gaitasunak eta indarra bereganatzen  dituena. Lagunak,  maltzurrak, neska eta eszeptizismoa… polizia ohiko  osagaiak direlarik.

Berak zinema-aretoan bertan azaldutakoaren arabera, komiki gisa,  heroi bat irudikatu  nahi izan du, baina frantses (europar) erara,  betiere ‘efektu’ gehiegirik erabili  gabe, istorioak txarrera egingo  bailuke nabarmenki.


Film hau denbora-pasa batean gelditzen da, egiazkoa (gezurrik  gabekoa), apenas harritzen  gaituena, alabaina, duintasuna duena. Nire  irudirako, gazteen gustukoa izan  daiteke, bai eta, helduena ere,  ‘iheserako’ (ez kapital-iheserako).


txarli

Image-empty-state.png