FICXixón 52º

FICXixón-52 (2014) - Cimadevillatik itsasora eta…mundura


Cimadevilla (Xixon) talaia leku ezin hobea dugu itsasoa  eta, hortaz. mundu zinematografikoa ikusteko.


Zinemaldien ‘izan edo ez izan’ gogoeta betean: Huelva, Malaga,   Sevilla, Valencia, Sitges, Donostia, Xixon, Valladolid, Las Palmas eta  abar. Batzuk  ‘haurtzaroan’, baten batzuk ‘nerabezaroan’ eta gainerakoak  ‘helduaroan’. Denak  KULTURA deiturikoaren ‘koktelera - erruleta’  barruan, gobernu zentralari yu-yu ematen diona (kultura  garatzeak). Bestelako  osagaiak gehitu beharko dira ‘koktelera’  horretan: ikusleak eta sormena (zinemagile  eta programatzaileena). Modu  horretara, San Lorenzo hondartzan lehorreratu  ginen Xixon-go 52.  urtebetetzean, (gure ustez) gaizki hartutako zinemaldi horren   errebindikazioa egiten, aurrera ateratzeko ahalegin handiak egiten  dituena. Zinema  ausarta eta ‘aitzindaria’ (abangoardiakoa) eskaintzeko  Nacho Carballo-k (zuzendaria)  eta bere taldeak erakutsitako  ilusioarekin bat egiten dugu, nahiz eta gero guztion  gustukoa ez izan…  hori beste kontu (pelikula) bat da.


A priori, jatetxe bateko menuetan bezala, katalogoko  ataletan  murgiltzen gara. Atal ofizialean, Luis Marías espainiarra eta Nima   Javidi irandarra daude, edo Hong Sang-soo (Hego Korea) eta Kanu Behl  (India),  bai eta, Christophe Honoré (Frantzia) edo Panos H. Koutras  (Grezia) ere. Bill  Plymptom, Brillante Mendoza edo Terry Gilliam  (merezimenduzko saria). Bederatzi  atal eta atzera begirako emanaldi,  agian, gehiegi samar (sakabanatu edo galdu  ez egiteko, edo merkatuan  nagusi den bazar-efektua izango ote da?). Atal ofiziala  aukeratzen dugu  batez ere (15 film + 2 lehiaketatik kanpo), jatorrizko  herrialdetako  leihoak irekitze aldera. Lau egunetan ezinezko baitugu leku guztietan   egotea
 Goazen bada ‘sagarren’ eta euren zukuaren… 2014ko dastapena egitera.


Atal ofiziala (lehiaketatik kanpo)

“Men, women &  children / Gizonezkoak, emakumezkoak & haurrak” (USA / 2014 – 119’) Jason  Reitman
A priori, abiatze interesgarria, oraindik berrogei urte bete gabeko  Jason  Reitman kanadarra dugu hemen. Gogoan dugu bere “Juno” lana  zinemaldi honetan bertan  (45º - 2007), oso zapore ona utzi ziguna.  Berriz, bere seigarren film luze honekin  ez da horrelakorik gertatu,  filmak kritika sozialeko tonu gazi-gozoa mantentzen  du ‘teknologia  berrien’ ingurune barruan (agian bitxiena). Nerabeak, helduak,  teknologia  berriak eta nahaspilak. Une interesgarri edo  entretenigarriren bat edo beste  badu ere, eskuetatik ihes egiten zaio,  harremanen espiral horrekin… eta ea nor nagusitzen  den! Hala ere,  erredundantea… ireki diren gai asko behar bezala ‘itxi’ gabe.uzten   ditu, eta pixkanaka interesa hustu egin zaigu. Aktore-taldea  desegituratu samar  gelditzen da lan koral honetan. Beraz, asmo onak…

Atal ofiziala

“The cut” (Ale-Fr-It-Errus-Kan-Pol-Tur  / 2014 – 138’) Fatih Akin
Ikusmin handiagoz joan ginen Fatih Akin turkiar-alemanaren azken lana  ikustera (zinemaldi  honetan ere aurkitu genuena 47º - 2009, honako lan  hauekin: “Gegen die Wand (Hormaren  kontra)” edo “Crossing the bridge:  the sound of Istambul”). Halaber, “Auf der  anderen Seite (Zeruaren  ertzean edo -Al otro lado- gaztelaniaz)” pelikulak  liluratu egin  gintuen, “The cut” filmak, aldiz,sekulako dezepzioa eragin digu. Hasiera   ederra du: 1915. urtean otomandarrek Armenian egindako genozidioa.  Hortik  aurrera, musika bikaina bai (Alexander Hacke), baina inbasioan  harrapatutako alabak  bilatzeko ‘bidaldia’ nekagarri egiten zaigu eta ez  du indarrik. Herrialderik  herrialde dabiltza, nora ezean eta itsuturik  (eta tarteka ‘sinesgaitza’), epopeia  kutsua eta ‘telesail’ tonua. Bai  eta, urteak pasatu ahala, aktorearen (Tahar  Rahim) karakterizazioa  pobre gelditzen da ere. Bai lastima!

Rellumes (Hodeien atzetik agertu eta argitzeko borrokan diharduten eguzki-printzak)

“De toutes nos forces  / Gure indar guztiak” (Frantzia / 2013 – 86’) Nils Tavernier
Aktore eta dokumentalista gisa gehiago aritu den Nils Tavernier  (Bertrand-en  semea) zinemagilearen bigarren metraje luzea. “Aurora”  filmaren ondoren, istorio  arrunt eta emotiboari filmatzeari ekin dio,  hots, gazte desgaitu bat erronka baten  aurrean, horretarako bere aita  tartean sartuz (langabezian, baina suhiltzaile sartuta  berriz). Estilo  dokumentalistaz eginda, zeinetan, hitzen eta aktoreen antzeztearen   aurrean, irudian jartzen duen indarra. Paisaia beste aktore bat bezala  hartzen  du, eta ‘aire’ epikoak darabiltza, helburu baten atzetik:  “amore ez ematea” eta  zoritxarraren aurka borrokatzea. Metrajeak  aurrera egiten duen heinean, intentsitatea  areagotu egiten da… agian  hasierako sekuentziak eta off ahotsak arrasto gehiegi  uzten dizkigute…
Espero zen amaiera emotiboa, baina estiratu samarra.


Atal ofiziala

“Xenía” (Grezia-Bel-Fr  / 2014 – 128’) Panos H. Koutras
Ustekabe bikoitza, Grezia krisialdian, baina existitzen da! eta,  ikusten denez,  gaur egunera arte (emanaldiaren egunera arte), film  honek aire ‘fresko eta dinamiko’  pixka bat dakarkigu. Aitaren bilaketa (Edipo  errege -Sofokles) tratatzeko era  (tragedia grekoan bezala). Bidean  emigrazioa,  ekonomiagatik ‘amiltzeko zorian dagoen’ herrialde batean. Road movie dugu ama hil ondorengo bilaketa hori, gertaera korapilatsuak  eta  sinestezinak. Xenofobia, homosexualitatea, farandula musikala. Ezin  hobeto aritzen  diren aktore berriak (Kostas Nikouli: Danny / Nikos  Gelia: Oddy –Odysseas-),  narrazio dinamikoa eta ondo armatutako gidoia.  Amaierak Haneke dakarkigu gogora  (“Funny games” -1997), baina ez…
Horretaz ari garela, Xenía hitzak hospitalitatea esan nahi du greko  zaharrez,  hau da, eskuzabaltasuna eta kortesia. Filmean  erakutsitakoaren arabera, ironikoa  dugu Panos H. Koutras, umore-ukituaz  ‘sakonera-kargak’ (salaketak) botatzen  dituena. Hauxe dugu bere  laugarren filma, ‘aire freskoa’ ekarri duena.


Atal ofiziala

“White bird in a  blizzard / Txori zuria haizetean” (USA-Fr / 2013 – 90’) Gregg Araki
Hasiera ona izan genuen jardunaldi berri horretan zinema grekoa  tarteko, eta aurreko  egunean bezala, Araki zuzendariaren azkenak  ikusmin handia piztu zuen. izan  ere, aurreko hamar film luzeek abala  ematen zioten, aitzakiarik gabeko ekoizpena,   primerakoa. Hala ere,  nobelaren egilearekin  (Laura Kasischke) batera egindako gidoiaren  istorioak zerbait gehiago izango zelakoan  geunden, baina gozamena…  geratu ginen.


Shailene Woodley (sekulakoa), Eva Green eta Cristopher Meloni aktoreek  aparteko  antzezpena eskaintzen digute, horretara, bilbean ‘eroso’  zaramatzate (nolabaiteko  suspensearekin) eta girotze musikal ederra du.  Dena dela, une onirikoetan ‘irristatu’  egiten du… bai eta, ‘heldua’  izateko horrelako grinari dagokionez (S. Kubrick-en  “Lolitaren”  apunteak). Baina bat batean ‘erresoluzioa’…oi!!!


Bill Plympton

“Footprints / Oinatzak”  (USA / 2014 – 4’) Bill Plympton
“Cheating’ / Iruzurra”  (USA / 2013 – 76’) Bill Plympton
Iaz Jean-François Laguionie-rekin gertatu bezala, aurten Bill Plympton  zuzendariaren  txanda izan da, eta ezin izan diogu muzin egin  hitzorduari. Saridun suertatu  zen Fas zineklubaren 2005eko Zinebin,  hortaz, jakin-min handiz abiatu ginen. Bai  film laburrak, bai luzeak,  faktura eta gai desberdinekoak, ez zuten hutsik egin.  Plympton-en  irudimenak gainezka egiten du, teknika eta bizitasuna darabiltza  trazu  bakoitzean, eta behin baino gehiagotan irribarrea eragiten digu.
Film laburrean, planetaren gaineko ‘aztarna ekologikoaz’… aritzen da.  barnetik  kanpora eta minimotik globalera. Bai sinpatikoa!
Film luzean, lehen begiradako amodioaz eta anbizioaz aritzen da, eta  guztia  okertzen denean, ahanzturaz. Irribarretik seriora… zaramatzaten  aipamen andana bat,  eta trazu jarraitua eta erotua (batzuetan). Bai  ederra!
Erremate gisa, bere presentzia, kutsu komertziala bazuen ere… baina  horretaz  bizi behar du. Burutsu eta graziosoa, bai eta, argia ere. Bai  bikaina!

Genero mutanteak
“Room 8 / 8. gela” (UK  / 2013 – 7’) James W. Griffiths
“Cold in July / Hotza  uztailean” (USA / 2014 – 109’) Jim Mickle
Ivan B. lagunaren iradokitakoari jarraiki, aldarte onean joan ginen filma ikustera..
Labur bitxia eta arrunta… ikusi beharra dago, azalgaitza da. Egia  esan, ‘8  zk.ko ziegak’… eta jakin-minak gehi askatasun-grinak… nahasi  egiten zaituzte.
Luzean girotze ederra (musika eta ingurunea)… dago. Thrillerra,  suspensea, euria,  izerdia… poliziak, hiltzaileak,  ordainsari-bilatzaileak… mugaldeko lekua, ondo  prestaturiko osagaiak.  Sinesgarritasunezko aktoreak. Sam Shepard eta Don  Johnson-ek sekulako  antzezpena egiten dute.
Une batez, gidoiak koska bat estuago egiten du, eta gore (eta  krudel) samar bilakatzen da. Pelikula askotan bezala, ongia  eta  gaizkia korapilatu egiten dira (Peckinpah, Tarantino, R. Rodriguez), eta  helburuak  on egiten ditu bitartekoak… (bai eta Charles Bronson ere… ez  dakit, ez). Azken  zatian iparra galtzen du. Ez dakit bada…  Interesgarria da.

Rellumes
“Shemktkheveviti  paemnebi / Blind dates / Itsu-itsuko hitzorduak” (Georgia / 2013 – 97’) Levan  Koguashvili
 Georgiako zinema erabat ezezaguna zen guretzat. Iparraldeko zinema,  plano finkoa,  hitz gutxi, beste kultura bat (agian zerbait utzi dugu  aipatu gabe), Kaurismaki  dugu erreferentziatzat. Umore-sen subliminala,  izenburuarekin jolasean (hitzordu  bateko neska itsua da). Poza  bilatzeko beste modu bat, vodka ere tartean dago. Zinema  minimalista,  pertsonaia gurutzaturiko gidoi txukuna duelarik. Ez dago musikarik,   zerua (Siniestro Total-en abestian bezala) beti goibela, hala eta guztiz  ere, poza  bilatu beharra dago. Baten batzuek aurkitu egiten dute.
 Beraz, sorpresa atsegina. Ez suziriak botatzeko modukoa, baina gustura  ikus  daiteke. Beharbada itxaropen handirik gabe joan ginelako.  Jardunaldiaren ixtea…

Atal ofiziala
“Party girl (Mil noches, una boda,  gaztelaniaz)”  (Frantzia / 2014 – 97’) Marie Amachoukeli-Claire Burger-Samuel Theis
 Nils Tavernier-en pelikulan gertatu bezala, zalantzazko generoa:  fikzio/dokumentala  …hortxe dago koska. Dena dela, zein ‘generotakoa’  den baino haratago,  samurtasunez beteriko filma izan dugu gure aurrean,  agian akats asko ditu, aktoreek  haien buruaren papera egiten dute,  gidoia josi gabe dago erabat. Prestaketa-sarrera  ona aurkezten badu  ere, gero azkar abiatzen da bukaerara. Baliteke, ‘no man’s  land’  izeneko toki hori bizitza bera izatea, inoiz ere ez zarela bertakoa  izaten  eta beti iragaitzez zaudela (Alsazia-Lorena kasu honetan), horri  zera gehitzen  zaio: zeure bizitza kabareta da. Ez dauka Bonello-ren  “L’Apollonide…” filmaren ukitu  poetikoa, bai, ordea, errealitate  gordina, alkohola eta ezegonkortasuna. Film ausarta  eta ekoizpen  ‘primarioa’.


Rellumes

“I’m Beso” (Georgia /  2014 – 90’) Lasha Tskvitinidze
Berriro Georgian, baina landa-eremu sakonean eta nerabe-ikuspegia.  Bizitza-baldintza  gogorrak. Alkohola (berriz), orientazio sexuala,  haur-krudeltasuna, biziraupena  lehen mailan. Familia (familia ez dena,  baina bai dena), sumatzen ez den maitasuna.  Sakonean, dagoeneko  pasatutako inperio sobietarra, abandonatua (plaza, antzerki-aretoa,…).   Baina hemen ez da ezer gertatzen (denbora aurrera besterik ez)…  telebista zaharkitu  bat, sakonean irratia entzuten da… mundu honetakoak  badira ere, beste mundu  batean daude. Georgiako lehengoko filmean  bezala, irudiaren ahalmena ikaragarria  da. Plano luzeak… hitzik  gabekoak, itxaropen gabezia adieraziz. Araki edo  Reitman-en bestelako  zinemaren antipodetan gaude, ‘ibilbide horretan’  kokatzearren. Aire  ‘fresko’ zinematografiko suntsitzailea.


Atal ofiziala
“Chce sye zyc / Life  feels good / Bizitzak ondo sentiarazten du” (Polonia / 2013 – 107’) Maciej  Pierpzyca
Kasualitatea edo gaur egungo zinemaren gogo bizia ote da, dokumentala  izan  beharrean, errealista izatea? Egiazko egitate bat kontatzeko lerro  mehea  gaindituz, aktoreen bitartez artifizial bihurtuz, antzerki forma  emanez. Hobetze-senaren  bila ibili eta aktore handi batekin egiten  dugu topo, Dawid Ogrodnick-ekin  (Mateusz), azkenean ‘aktore hobearen’  saria jaso egin zuena. Garun-paralisiaz  jaiotako haur baten papera  betetzen du (gaur egun bizirik dagoena, eta  kredituetan fisikoki  agertzen dena), bai eta, bizitzari eusteko… eta berba egin  ahal izateko  daraman borroka ere. Indar handiko istorioa (mukizapiak atera),  eta  errealismoa Poloniako 80ko hamarkadan. Hala ere, arestian aipatu bezala,  bi  antzezlekuko ‘antzerki’ bilakatzen da, alegia, bere etxea eta  ospitalea. Halaber,  adorea, hortxe soilik kointziditzen du N.  Tavernier-en filmarekin (kanpokoa), oraingoan  barnekoa, zeinetan  aktoreek funtsezko papera betetzen duten. Fedea eta erronkak  beste  ikuspuntu batetik.
2014ko beste kointzidentzia bat: ez-dokumentala (dokumentala) eta gaitasun eza.


AnimaFICX
“Acoustic Kitty”  (Frantzia / 2014 – 12’) Ron Dyens-Mathieu Gaillard
“Giovanni’s Island / Giovanniren  uhartea” (Japonia / 2014 – 102’) Mizuho Nishikubo
 

Kasualitatez ere, aire zinematografikoa arnastearren, AnimaFICX  atalean lehorreratu ginen, nire ustez,  hauxe dugu atalik  indartsuenetako eta esanguratsuenetako bat. Metraje labur eta  luze  bana.
Laburra: txiste bat bezala funtzionatzen du. CIA-ren Acoustic Kitty  operazioan  oinarriturik, mezuak bidean antzemateko katu ‘espía’  erabiliz. Bitxia eta irribarrea  eragiten duena.
Luze japoniarra: ‘anime’ tipikoa, marrazki maitagarria eta istorio bakezalea, flashback  moduan eginda: 1945eko   udan, gerratea da mundu osoan zehar, eta Shikotan uharte txikiko  biztanleak borroketatik  at bizi dira, hala ere, errusiarren etorrerak  errealitate odoltsuarekin topo  egitera  behartzen ditu. Animaziozko  film  honetan, mutiko japoniar batek eta neskato errusiar batek aurre  egiten diete hizkuntzaren  hesiei eta historiaren zauriei, ekintza  errealetan oinarriturik. Gutxienez, maitekorra eta didaktikoa.


Brillante Mendoza

“Foster child”  (Filipinak / 2007 – 98’) Brillante Mendoza
Brillante Mendoza izan genuen jardunaldiaren azken gingatzat. Azken  lanak  ikusitakoan (liluratu egin gaituztenak), ‘retroren’ txanda  datorkigu. Oraingo “Zaintzapeko  umea” pelikulak miretsi egin gaitu,  batez ere freskura narratiboa. Agian ‘kamera  eskutan’ filmatzeak  enbarazu egin dezake, baina Manila hiriak holako jokaera eskatzen  du,  eta horixe da Mendozaren ‘sinadura’, bere pertsonaien espirituan  barneratzeko,  hau da, harira zuzenean. Xixon-52º zinemaldiak,  kointzidentzia bailitzan, dokumental  eta ez-dokumentalaren arteko  ibilbidea egiten du. Brillante-k horrelako  idazkera darabil, eta  errealitate-mota bat aurkezten digu (lehenbiziko mundura  moldaturiko  hirugarren munduko umeak), Thelma-ren atzetik (Cherry Pie Picache,   perfektua) eguneko 24 orduetan zehar… pozak eta saminak. Bi munduren  ikuspegia.
Aurrekari bat dago, hots, “Foster child” -1987, Gil Cardinal  kanadarraren  dokumentala, familia biologikoaren bila ibiliz. Baina  izenburuaren kointzidentzia  hutsa besterik ez da.
Jardunaldia ixteko modu ederra.


Atal ofiziala
“Métamorphoses” (Frantzia  / 2014 – 102’) Christophe Honoré
Agur-usaina duen goizeko saioa (Tarkowski dugu zain). Christophe  Honoré dago  ‘arrankean’, beharbada zinemaldiko dezepziorik handiena.  Atzean gelditzen dira  “Ma mère” -2004 (gogorra eta ausarta, Xixon  2004ko edizioan ikusitakoa), “La  belle personne” -2008 edo “Les  chansons d’amour” -2007. Gauza bat geratzen zaigu  garbi, Honoré  ‘beraren zineman’ kokatzen da, eta neurri batean, ‘gogobetetze  pertsonalaren’  bila dabil.“Metamorfosia” film handinahiak jainko-multzo  erromatarren inguruko  pasealdia erakusten digu, Ovidioren poemaren  gaineko bertsio askea (munduaren  kreazioari buruzko 15 liburu). Lehen  minutu nahasgarritik abiatuta, ‘artzain-errealitate’  moduko baten  bidez, jainkorik jainko garamatza, eguneratuak badira ere. Ezbairik   gabe, Honoré ‘edertasunaren’ bila dabil (‘mundu nazkagarri honetan  merezi duen  gauza bakarra’ R. Trecet-ek zioen moduan), eta hortik ez da  ateratzen. Elkarrizketa  ’intelektual’ bero-beroak… lagungarriko behi  bat, Citroën “dos caballos” bat errepidean, bainatzea ibaian, mozkorraldi zerutarra,  une bateko dantzaldia (ikusgarria)…
Hortaz,  basamortuko hondarra harrapatzen  saiatuz gero, atzamarren  artean ihes egiten zaigu… eta esku-barruan apenas hondar-ale  batzuk  geratzen direnean, horrelaxe gelditzen zara C. Honoré-ren filma amaitu   bezain laster. C’est fini!

Convergencias (elkarguneak)
“Respire” (Frantzia /  2014 – 91’) Mélanie Laurent
Amaiera gisa, Convergencias izeneko atala  estreinatzen dugu  (egitaraua, elkartzea eta eztabaida kritikaren ingurunean).  Esther  Miguel Trula-K egindako proposamena –Bideodromoa- oso itxura onekoa da,  pertsonaien  aurkezpena egiten du thriller moduan (… beti zerbait  ezezaguna dago). Pertsonaien  beraien alderdi ezezagunen eta  barnealdearen bilaketa (nerabe femeninoak) dugu  filmaren leit motive-a.  Emakume aktoreek  ‘iaiotasun handia’ azaleratzen dute (frantses  zinemaren harrobi handia), eta istorioaren  euskarria dira, apur-apurka  gainbehera egiten duena… aldi berean, Charlie-k (Joséphine  Japy, 20  urte), filmaren protagonista,.erregistroa aldatzen du…
‘Haren laguna’ Sarah-k (Lou de Laâge, 24 urte) sekulako kontrapuntua egiten dio,  batera onaren eta txarraren papera egitean.
Filmatutako bigarren pelikula honetan, Mélanie Laurent zuzendariak  (frantses  aktore famatua) onartu egien du drama psikologikoaren  erronka, baina nahiz eta  azken zatian pelikula amatatuz joan, proba  gainditzen du. hemendik aurrera arrastoa  jarraitu beharko zaio.

Image-empty-state.png