IMANOL URIBE BILBAO

IMANOL URIBE BILBAO

Imanol Uribe Bilbao. San Salvadorren jaio zen (El Salvadorko Errepublikan), 1950eko otsailaren 28an, zapata fabrika bat jarri zuen gernikar jatorriko familia batean. Laster Euskal Herrira bidali zuten, Bilboko eta Tuterako jesuitek hez zezaten. Zinemarekiko pasioa goiz piztu zitzaion arren, hasiera batean familiak kontra egin zion, eta, horregatik, Medikuntza eta Kazetaritza ikasi zituen (Medikuntzakoak ez zituen bukatu eta Kazetaritzako titulua 1972an eskuratu zuen), eta, aldi berean, Madrilgo Zinematografia Eskolan ikasi zuen (1974an lortu zuen titulua).
Garai hartan egin zituen bere lehen film laburrak: Off (1972), Jack (1972) eta De oca a oca y tiro porque me toca(1974) .
1975ean Zeppo Films ekoiztetxea sortu zuen, bost urte geroago, Cobra Films, eta 1982an, Aiete Films (gaur egun Aiete Ariane Films).
Zilarrezko Mikeldi Saria irabazi zuen Ez filmarekin(1976) Bilboko D. F-Lb Nazioarteko Jaialdian (gaur egun ZINEBI). Hiru urte beranduago, El proceso de Burgos (Burgosko prozesua, 1979) dokumental luzea zuzendu zuen, frankismoaren amaieran ETAko hainbat kideri egindako epaiketaren gainekoa, eta Donostiako Zinemaldiko ‘Kantauriko Perla’ Saria eman zioten; Benalmadenan eta Cordoban ere saritu zuten. Gai horrekin egin zuen La fuga de Segovia (Segoviako ihesa, 1981), zeinak Donostian FIPRESCI Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso baitzuen, eta Lehenengo Saria Orleansen. 1983an La muerte de Mikel eta beste hainbat labur zuzendu zituen.
Hiru urte beranduago hasi zen thrillerrarekin, Adiós pequeña(Agur, txiki) Bilbon eta inguruetan filmatua, eta horren ondoren beldurrezko generoarekin ausartu zen La luna negra (Ilargi beltza, 1989), zeina Oporton saritu baitzuten. El rey pasmado (Errege ergeldua, 1991), Goya Saria jaso zuen. Komedia filmatu aurretik telebistarako lan bat egin zuen El crimen del expreso de Andalucía (Andaluziako Expresoko hilketa, 1991) ‘La huella del crimen’ telesailaren baitan.
1994an Días contados(Zenbatutako egunak) drama zuzendu zuen terrorismoaren gaiarekin, eta, horri esker, beste behin Goya Saria irabazi zuen, eta Donostian Urrezko Maskorra. Urte berean telebistarako lan egin zuen berriz, umore ukituarekin oraingoan: La mujer gafe (Zorigaiztoko emakumea, 1994). Donostian berriz irabazi zuen Urrezko Maskorra Bwana (1995) filmarekin, immigrazioan eta arrazismoan murgilduta.
Labur bat eta pare bat filmen ondoren, Berlinalen berriz ere ezagutu zuen arrakasta; izan ere, aipamen berezia egin zioten El viaje de Carol (Carolen bidaia, 2002) filmagatiketa Kristalezko Hartzarekin saritu. Ondoren beste lau lan filmatzen jarraitu zuen, eta 2012an egin zuen Miel de naranjas (Laranja eztia). 2013an, Viaje al Senegal (Senegalera bidaia) film laburra.

OINARRIZKO FILMAGINTZA: Off -FLb (1972) • El proceso de Burgos (1979) • La fuga de Segovia (1981) • La muerte de Mikel (1983) • El rey pasmado (1991) • Días contados (1994) • Bwana (1995) • El viaje de Carol (2002) • Lejos del mar (2015)