JOAQUIM JORDÀ CATALÁ

JOAQUIM JORDÀ CATALÁ

Joaquim Jordà Catalá (Santa Coloma de Farnes, Girona, 1935eko abuztuak 9;Bartzelona, 2006ko ekainak 24)
Bai, joan egin zen, baina Fasetik pasa zenean (Arte Solidarioaren Jaialdian), bere aztarna utzi zuen, eta batez ere, bere maitasuna.
Zuzenbidean lizentzia eskuratu zuen (Bartzelonako Unibertsitatea). 1952an Parisko ‘Cinemateque’ra bidaiatu zuen, eta bertan ezagutu zituen Truffaut, Rohmer eta beste hainbat. 1952an, Ikerketa eta Esperientzia Zinematografikoen Institutuan sartu zen (IIEC, ondoren Zinema Eskola Ofiziala), baina ez zituen ikasketak bukatu. Bitartean, Acento Cultural, Cinema Universitario eta Nuestro Cine aldizkarietan kolaboratzaile aritu zen. Zuzendari laguntzaile, script, ekoizpen buru edo aktore lan egin zuen. Jacinto Esteva ekoizle eta errealizatzailearekin batera, ‘Bartzelonako Eskola’ izenez ezagutzen den mugimendu berritzailearen sortzaileetako bat izan zen, baita horko teorialari nagusia ere; partaide izan ziren, halaber Gonzalo Suarez, Vicente Aranda eta Jose Maria Nunes, besteak beste. Bere gidoien artean nabarmentzekoak dira Carlos Duranentzat idatzitakoak Cada vez que…  (Aldiro...) (1967) eta Libertina 90 (1970), Vicente Arandarentzat idatzitakoak Cambio de sexo (Sexu aldaketa) (1977); El Lute, camina o revienta (1987); El Lute II (1988), eta TVEko Los jinetes del alba (Egunsentiko zaldizkoak) telesaila. Jacinto Estevarekin batera gidatu zuen Dante no es únicamente severo (Dante ez da zorrotza soilik)(1967), ‘Bartzelonako Eskolaren’ film manifestua. Numax presenta… (Numax-ek aurkezten du...) (1979) panfleto politiko bitxia, Numax fabrikan greban ari ziren langileen erresistentzia kutxarekin egina; El encargo del cazador (Ehiztariaren mandatua) (1980), Jacinto Estevaren azken urteen gaineko dokumental interesgarria, bere alaba protagonista zela, baita 70eko hamarkadaren hasieran Italian eta Portugalen filmatutako hainbat film ertain politiko ere. Zinemagintza komertzialera itzuli zen Un cos al bosc /Un cuerpo en el bosque  (Gorputz bat basoan) (1996) filmarekin, polizia-komedia erotiko pertsonal, erakargarri eta bitxia bera. Hura idatzi eta zuzendu zuen, eta esan daiteke alderdi askotatik begiratuta bere lehen filmea dela. Hiru urteren buruan pantailetara itzuli zen 1999an Mones com la Becky / Monos como Becky (Becky bezalako tximuak) dokumental izugarri pertsonalarekin, film horren ondoren De nens / De niños (Umetan)(2004)  bere azken sorkuntza zinematografikoa egin zuen, zeina kritikak aho batez goraipatu baitzuen 2004an gure pantailetan estreinatutako filmik onenetako bat bezala; bertan, Bartzelonako auzo enblematikoenetako bateko errealitatea aztertzen du, Ravalekoa, hain zuzen.
Gidoi-irakasle estimatua, denbora luzez eskolak ematen aritu zen hainbat zentrotan, eta itzultzaile ezaguna ere izan zen, italierako, frantseseko eta katalaneko itzulpenetan espezializatua. 
Film horren ondotik, bi film gehiago egin zituen 2005ean eta 2006an (Veinteaños no es nada (Hogei urte ez da ezer)eta Más allá del espejo (Ispilutik haratago), eta beste hainbat proiektu utzi zituen aribidean. 
Hil ostean, Zinematografiako Sari Nazionala eman zioten 2006an.

OINARRIZKO FILMAGINTZA: Día de muertos -FLb (1960) • Dante no es únicamente severo (1967) • Lenin vivo -FLb (1970) • Numax presenta… (1979) • Mones com la Becky (1999) • De nens (2004) • Mas allá del espejo (2006)