VÍCTOR ERICE ARAS

VÍCTOR ERICE ARAS

Víctor Erice Aras (1940) Karrantzan (Bizkaia) jaio zen, baina hilabete gutxiren buruan bere familia Donostiara aldatu zen. Hamazazpi urte bete zituen arte bizi izan zen bertan, eta, batxilergoa bukatuta, Madrilera joan zen Zientzia Politikoak eta Zuzenbidea ikastera; ondoren, 1961ean Ikerketa eta Esperientzia Zinematografikoen Institutuan ikasteari ekin zion (ondoren Zinematografia Eskola Ofiziala izango dena -1962an-). Garai hartan kritikari lanak egin zituen Nuestro cine eta Cuadernos de arte y pensamiento aldizkarietan.
1963an aurkeztu zuen ikasketa amaierako proiektua, Los días perdidos (Egun galduak) film ertaina, Donostiako Zinemaldian (XI). Ondoren, 1967an Miguel Picazorekin eta Antxon Ezeizarekin lan egin zuen gidoilari, baita aktore ere Manuel Revueltaren Antoñito vuelve a casa (Antoñito etxera itzuli da) (1969) film ertainean. Urte berean parte hartu zuen Los desafíos (Desafioak) proiektu kolektiboaren zati batean, baita Zilarrezko Maskorra irabazi ere (Victorrek Claudio Guerinekin eta Jose Luis Egearekin konpartitu zuen saria). Une horretatik aurrera hasi zuen harremana Elias Kerejetarekin.
1973an egin zuen bere lehen film luzea El espiritu de la colmena (Erlauntzaren izpiritua), gidoia Angel Fernandez Santosekin batera egina. Film onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen, eta Chicagon, Zilarrezko Hugoa. Film hori berriz estreinatu zen 2004an.
TVEn bolada ia anonimo bat igaro ondoren, bere bigarren lan luzea egin zuen, El sur (Hegoaldea) (1983), Adelaida Garcia Moralesen -une hartan Victorren bikotea zena- izen bereko eleberrian oinarritua. Cannesen aurkeztu eta arrakasta izan zuen (saririk jaso ez arren), baina Chicagon irabazi zuen (Urrezko Hugoa). Erizek berak (VersiónEspañola- TVE /2011.01.07) ebatzi zuen sortutako 'polemika', eta amaieran eman urte luzez zurrumurruan ibilitako hiri kondairari: “El Sur (Hegoaldea) ez zen inoiz bi filmetan banatua egon esan izan den bezala. Lan antolamenduak aurreikusten zuen 81 eguneko filmaldia, ekoizleek filma geldiarazi zuten 48 egun zeramatzatenean eta 33 egin gabe geratu ziren".
1986an Jos Oliverrekin batera Nicholas Ray y su tiempo (Nicholas Ray eta bere denbora)liburua idatzi zuen.
Eta hamarkadaka filmatuko balu bezala, 1993an bere hirugarren lan luzea  El sol del membrillo (Menbriloaren eguzkia) egiteko itzuli zen, Antonio Lopez margolariarekin erabateko sinbiosia lortuz. Cannesen, Montevideon eta Chicagon saritu zuten.
1994an Victor Ericek Zinematografiako Sari Nazionala jaso zuen, eta handik urte batera, Arte Ederretako Merituaren Urrezko domina. 1994an beste polemika bat sortu zen Andres Vicente Gomez ekoizleak La promesa de Shanghai*  (Shanghaiko promesa) filmatzeko eskatu zionean, El embrujo de Shanghai liburuan oinarritua (Shanghaiko sorginkeria, Juan Marse, 1993). Azkenean, Fernando Truebak egin zuen, 2002an, El embrujo de Shanghai izenburupean. Truebak ez zuen erabili Ericek egindako gidoia, baina editatu behintzat editatu zuten.
90eko hamarkadaren amaieran, ekoizle gisa jauzia eman eta Nautilus Films sortu zuen, zeinarekin hurrengo bere lana ekoitzi baitzuen.
El sol del membrillo (Menbriloaren eguzkia) filma egin zuenetik ez du berriz bakarka zuzendu, baina lan kolektiboetan parte hartzen du: Preguntas al atardecer (Clebrate Cinema 101 lanean, 1995), Alumbramiento (Ten Minutes Older lanean: The Trumpet, 2002), ondoren Correspondencia (10 cartas con Abbas Kiarostami, 2005/2007), Ana, tres minutos(3.11, A Sense of Home, 2011), edo Cristales rotos(Centro histórico, 2012).
 2008an aktore ere aritu zen Alberto Moraisen Un lugar en el cine (Leku bat zineman) filmean, eta bi urte beranduago, Alain Bergalak bere ibilbideari buruzko dokumentala egin zuen, Victor Erice: Paris-Madrid, idas y vueltas.
2014an, Locarnoko 67. jaialdian, "Ohorezko Lehoinabarra" jaso zuen bere ibilbideagatik.

OINARRIZKO FILMAGINTZA: En la terraza -FLb (1961) • El espíritu de la colmena (1973) • El Sur (1983) • El sol del membrillo (1993) • Ten Minutes Older: The Trumpet (2002) • Centro histórico: Vidrios rotos (2012) • Víctor Erice-Abbas Kiarostami: Correspondencias (2016)