INNISFREE

INNISFREE

Gonbidatu berezia: José Luis Guerín, zuzendaria

«I will arise and go now, and go to Innisfree»
(W.B. Yeats)

Bidezko da ohartaraztea Innisfree ez dela publiko guztientzako film bat. Honatx azalpena: aldez aurretik “Gizon lasaia“ (“The Quiet Man”, John Ford) ikusita eduki behar dute; lehenbizi, behar bezala dastatuko ez dutelako; eta, bigarrenik, Ford-en filma oraindik ikusi ez dutenek (aukera gehiegi izan dutelako: emanaldi zinematografikoak, telebistako paseak, bideoak, hortaz, aitzakiarik gabeko kontua da, era berean, ez da zalantzarik egon behar, ikusita edukiz gero, inoiz ezin daitekeelako ahaztu) ez dute merezi zinemazaletzat hartuak izaterik. Baldin eta Ford-en Innisfree ikusteko jakin-minik inoiz eduki ez badute, zalantzan nago oraingoan Guerín-ena ikusiko ote duten. Aurreko lerroetan esandakoa baliagarri da ere, filma ikusita eduki arren, ezer esan ez dienentzat edo gustatu ez zaienentzat. Horiek guztiak, mesedez, ez datozela “Innisfree” ikustera.
Izan ere, Innisfree ikustera etortzea edozein film (muskulutsuetakoak, ekintzazkoak, ninja dortoketakoak eta bestelako panpina-gizon bizidunetakoak) ikustea baino zerbait gehiago da. Innisfree ikustea ia-ia errituzko kontua da, hots, gure zinema-apaiz gorenarekin komulgatzea, John Ford-ekin, eta horren dizipulu nabarmena den José Luís Guerín-en eskutik berriro topo egitea gure jatorriarekin, sustraiekin, geure barne-barneko imajinarioaren oinarriarekin: zinemarik garbienarekin, gure bizipenak guztiz bete izan dituenarekin, hala nola, indiarren kultura, piratak, gangsterrak “benetako” munstroak, “torlojuzko” musuak, bizikleten lapurrak, mila aldiz amestutako emakumezkoak, Humphrey Bogart-ak, Marilyn-ak, abesti ahaztezinak eta… Innisfree-ko berdeguneak, denok bisitatu nahi dugun lekua.
José Luis Guerín-ek egia bihurtu du geure ametsa. Irlanda aldera joan da gure partez, eta Ford-en Innisfree ekarri digu 37 urte beranduago. John Wayne eta Maureen O'Hara falta badira ere, bertako geltokiak, tabernak, mendixka berdeek eta milurteko harriek badiraute oraindik ere. Zerbait gehiago dago berriz bisitatutako Innisfree hartan: Cunga St. Feichin/Innisfree-ko benetako biztanleak, bizimodu desberdina egiten dutenak Gizon lasaiaren troupe bertatik pasatu zenetik (huraxe bai une zoragarria Maureen O'Hara-rekin dantzan ibi!i izana!). Halaber, presentzia ikusezinaz edo herri oso baten imajinario kolektiboan zinema ezartzeaz (Innisfree-ko umeek, filma ikusi ez arren, buruz dakite) mintzo zaigu Guerín-en filma. Lanaren jatorri zehatzez, hauxe: “Irlandan zehar egindako bidaia batean otu zitzaidan, herrixka bateko pubean pinta batzuk edatera sartu nintzenean, bertan pertsona-talde atsegin batek edan, abestu eta John Ford-ez berba egiten zuen. Paraleloki, jende haren giza kalitatea erabakigarri suertatu zen, liluraturik utzi baininduen, aktore bikainak eta puruak zirela erakutsiz. (…) Hala ere, Innisfree-k badauka halabeharrezko berezitasun bat, tokiko tradizioei atxikitako eta bereganatutako ondare gehigarri dena. Alegia, duela denbora asko gertatu ez zenez, indar handiagoz egiten dute taupadek kolektibitate horren faktore askotan: Hollywood-eko talde bat orain dela hogeita hamazazpi urte han bertaratu baitzen” (José Luis Guerín).
John Ford-ek familia-etxearen hondarrekin berriz topo egin zuen eta, nolabait ere, etxea berreskuratu nahi izan zuen filmaren bitartez” (José Luis Guerín); era berean, guk diogu, José Luis Guerín-ek berriz topo egin du zinema-etxe horren hondarrekin, hau da, Innisfree-rekin, eta film honen bidez berreskuratu nahi izan du. alabaina, iruditzen zaigu bigarren asmo bat dagoela Guerín-en Innisfree-n, hots, alde batetik, modu pertsonalean berriz topo egitea zinemaren esentzia horrekin, arestian aipaturiko imajinario gisa (gu iritzi berekoa gara), eta bestetik, zuzendari gisa, berriz topo egitea zinematografoaren formarik garbienarekin: John Ford-en planoa, planoa berriro gauzatzea, enkoadraketa jakin baten zergatia jakin nahia, zer lagatzen zuen Ford-ek kanpoan, The Quiet Man filmaren eszenaratze bera irudikatzea.
Horretara, film gutxiri darie José Luis Guerín-en Innisfree-ri darion zinema.
Gure memoria irudi (zinematografikoz) osaturik egon da; imajinarioaren osaketa honetan, izan ere, denok zapaldu nahi izan genuen lurra, gure gustuko jaiotze-etxea, beti edan nahi izan ditugun garagardoak Innisfree-n daude.

Txus Retuerto

1991/03/11 · INNISFREE · Espainia · 1990 · 110 min · Zuz. José Luis Guerín · Gid. José Luis Guerín · Arg. Gerard Gormezano · Mus. Víctor M. Young; Extracts from “The Quiet Man”, “Nowhere” By The Exiles; Innisfree-ko jendearen baladak · Prod. Paco Poch, Virginia Films, TVE, La Sept, PC Guerín, Samson Films Limited · Akt. Padraig O'Feeney · Bartley O'Feeney · Annalivia Ryan · Anne Slatery · Cunga St. Feichin-go biztanleak