LOS MOTIVOS DE BERTA

LOS MOTIVOS DE BERTA

(Edo «inoiz existitu ez zen filma»)
Egiazki, izenburu honetan (existitzen ez den), espainiar film «madarikatu» gehienenetan baino askoz ere ugariagoak dira bizitza publikoaren peripeziak, «kultuzko» lana deiturikoa izanik. Soilik ikusle aditu-kopuru murriztu batek izan du filma ikusteko aukera, hartatik, zenbait plataforma minoritarioren irizpidea oinarritzat harturik, 80ko hamarkadaren espainiar zinemaren proposamenik  arriskutsuenetako bat izan zen, eta halako fama orokortu egin zen; Zuluetaren “Arrebato” edo Viota-ren “Cuerpo a cuerpo” filmekin bakarrik konparatu daitekeena (geure Fas zineklubean pantailaratutako bi izenburu aipatzearren). Modu horretara, banaketa-kopiarik egon ez izanak (egileak bakarra dauka, eta ondoz ondoko emanaldiak direla eta, oso hondaturik dago) filma ikusteko aukera galarazi egin du, nahiz eta «Espainiako Zinema» urteroko ohiko zikloaren hasieratik (1984. urtean) filma ekartzeko ahaleginak egin; hala ere, gure Zuzendaritza Batzordeko zenbait kidek, Donostiako azken Zinemaldian “Innisfree” (1989) bigarren film luzea proiektatzean, José Luis Guerín-ekin berarekin izandako harremana eta Kultur Ministerioan dagoen kopia bat mailegu gisa uzteagatik (ezohikoa), badirudi Bilbon “Los motivos de Berta” filmaren proiekzio publikoa egiteko parada izango dugula.

Inoiz existitu ez zen filma
Segoviako Melque herrian lehen film luzearen filmaldia amaitu zueneko garaian (1983ko uztailaren hasieran), José Luis Guerín, 23 urte besterik ez zituen arren, ez zen hasiberria ikus-entzunezkoetan zinema-egile gisa, ordurako hamar bat film labur eginak baitzituen super 8 eta 16 mm-ko formatuetan eta zegoeneko hurrengo bi filmok estreinaturik baitzeuzkan: “Memorias de un paisaje” (1980an), Jesus Garay-ren “Manderley” filmaren osagarri gisa (beste «madarikatu» bat, berea da orain dela bi hilabete pantailaratutako “Pasión Lejana”) eta “Naturaleza muerta” (1981ean), “Iban Izugarria” filmaren berrikuste batekin batera Bartzelonako Ars zinema-aretoan proiektatu egin zena.
Zuri-beltzez filmatua kooperatiba-erregimenean hamar milioi inguruko aurrekontuarekin, Guerín-en “Los motivos de Berta” filmak «Globe Films» banaketa-etxearen finantzazioa izan zuen, zeinek, filmaren banaketa-eskubideak urratuz, bi inportazio-lizentzia eskuratuko zituen: bata, Coppola-ren “Bihozkada (Corazonada)” filmerako eta, bestea, “Porky's II”. Era berean, Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berrien atalean eta Veneziako Mostran (1984an) proiektatu egin zen, interes handia sortuz prentsa espezializatuari, aldeko iritziekin komunikabideetan. Alabaina, ordurako, filmaren ibilbide komertziala okerturik zegoen: izan ere, «Globe» banaketa-etxeko buru pentsatzaileen interesik ezaren aurrean, prentsa-emanaldi bidez, «kontrabandoko» estreinaldia egingo zuten besterik ez, xede horretarako, Madrileko Griffith Cinestudio-ko txartel-leihatila prestatu eta hiru emanaldi egin ziren 1984ko martxoaren 9an. Modu horretara, «Globe-k» bigarren inportazio-lizentziaz jabetuko zen (lehenengoa, “Los motivos de Berta” errodatzeari ekin zionean), eta filma estreinatutzat sartuko zen Ministerioko erregistroan, bizitza komertzial osoan 27.000 pezeta jasoz!
Jarraian, Kultur Ministerioak emandako Premio Especial Menores delakoa jaso egin zuen, produkzio-gastuak apenas betetzen zituena; halaber, espainiar zinemaldi haietara egileek filma zuzenean bidali eta gero, izandako oihartzun txikia eta, kontratua ez betetzeagatik, zuzendariak jarritako errekerimendu judiziala, Espainiako zinemagintzaren alderdirik doilorrenak agerian uzten zuena, adierazgarria izan zen «Globe Films» banaketa-etxeko arduradun nagusietako batek esandakoa: “Los motivos de Berta” halakotzat existitzen ez den filma da.
Handik gerora, zuzendaria pelegrinazioan ibili zen kultur erakunde batetik bestera filmaren potoak besapean zituelarik; hala nola, Zaragozako Filmotekan (leporaino beteta) eta Bartzelonako Ingeniarien Elkargoko Zineklubean, zeinek, 1984ko abenduan 19 eta 20an, José Luis Guerín zinemagilearen eta Eduardo Momeñe argazkilariaren lan guztien inguruko Mostra antolatu egin zuen, “Surcando el jardín dorado” izeneko «dosier» osatua argitaratuz (500 ale), kritikak, elkarrizketak eta José Luis Guerín-en beraren testuak, gaur egunera arte, gure zuzendariari buruzko lanketarik osatuena izanik.

Fantasía de pubertad
“Berezitasun handiko amodiozko istorio batean datza, pubertasunarenaren aro magikoaren ingurukoa(José Luis Guerín).
Hasiera batean “Fantasía de pubertad” jarri zioten izenburutzat (egokiagoa dena), lehen hurbilketa batean, “Los motivos de Berta” filmari buruzko definizio bat ematearren, esan daiteke transkripzio figuratibo bat dela, alegia, “egunkari intimo gehienetan errepikatu ohi ziren antzeko konstanteak: bakardade gogorra, berriarekiko eta ezezagunarekiko lilura, mitoak, beldurrak, errudun izatearen usteak… Dena psikologismoan sakontzeko gogorik gabe eta konplizitate-jarrera hartuz, bai eta, ikusleek bereganatu behar dutena ere, film inuzenteegia eta sinesgaitza ikusi nahi izanez gero” (José Luis Guerín).
Fikziozko film luze honetako protagonista nerabezarora heltzen da, eta eraldatze hori oso ondo dokumentaturik dago, guztiz autoerreflexiboa eta erreferentziala den idazkera zinematografikoa adieraziz, dirudienez, aurrez egindako lan ezezagunak erakusten zuen bezala, garapen naturala oraintsuagoko “Innisfree” filmean izango lukeena. Azken film horretan, Guerín-en arreta Irlandako Mayo eta Galway konderrietako giza- eta geografia-agertokietara bideraturik dago, Ford zuzendariak erabiliko zituen bezala “Gizon lasaia (Hombre tranquilo)” film (bi aldiz) mitikoa filmatzeko, halaber, “Los motivos de Berta” filmaren kasuan, Silvia Gracia nerabearen keinuak, mugimenduak edo anekdotatxo hutsalak erregistratzera bideratu du arreta, eta bere kamerak neskaren begiradari jarraitzen dio modu obsesiboan eta absorbatzailean.
Ikus daitekeenez, ez dago inolako originaltasunik, aspaldiko istorioa baita nobelagile, poeta eta zinemagileengan, hots, nerabe sentibera eta isolatu batek arrazoinamenduaren adinaren argitasunerantz ematen duen lehen urratsa. Horretara, berehala ekarriko digu gogora Lewis Carroll-en (Dodgson klerikoaren ezizena) maskarapean literaturan erretrataturiko Alizia, behin eta berriro, morbositate bitxi eta kezkagarriz beteriko irudi fotografiko bidez, Alicia Liddell (oraindik nerabe ez zena) betikotu zuena. Era berean, gogora etorriko zaigu Nabokov-en “ninfula” Sue Lyon-en fisikopean Kubrick-en ”Lolita” filmean. Frantses eremuan, Jean Vigo-ren (beste «madarikatu» bat) “Zero de conduite” filmaren intentsitatetik, ondo ezaguna den René Clement-en ”Joko debekatuak (Juegos prohibidos)” filmetik pasatuz, Yves Robert-en “Guerra de los botones” atseginagora; beste bi aipamen egingo ditugu, alde batetik, Truffaut betiko nerabearen hasiera bateko “Les mistons”, eta bestetik, Bresson maisua, bereziki, “Mouchette” filmarekin. (Bestalde, nork ez du gogoan Ana Torrent-en begirada “El espíritu de la colmena” edo “Cría cuervos” filmetan? Dena dela, bi aipamen horiek, “Los motivos de Berta” filmarekin komunean dituzten alderdiak direla eta, bereziki, Erice-ren maisulanaren «barnealdeko Gaztelari» dagokionez, sendotu eta nahasi egiten dute film honetan bilatutako eragina).
Aipatu izenburu guztietan (eta zinemaren historia arakatuz gero, topa ditzakegun beste batzuetan) espiritu horren zerbait gelditzen da, “zeinetan pubertasuna kokatu ohi den eta, beraz, arte-sorkuntzaren mirariak” (José Luis Guerín).

Begirada
“Ikustea hitzen aurretik dator. Haurrak begiratu eta ikusmenaren bidez ezagutu egiten du hitz egiten ikasi aurretik”
“Begiratzen dugun hori baino ez dugu ikusten. Begiratzea aukerako ekintza da”
“Inoiz ez diogu gauza bakar bati begiratzen; beti gauzen eta geure arteko harremanari begiratzen diogu”.
“Irudi orok ikuskera bat gorpuzten badu ere, irudi bati buruz dugun pertzepzioa edo balorazioa geure ikuskeraren mende dago ere”.
(John Berger, Ikusteko moduak)

Los motivos de Berta”, diskurtso, istorio edo tesia izan beharrean, begiraden sekuentzia bat da: zuzendaria da pertsonaiei begiratzen diena, bereziki, Bertari - Silvia Gracia; alabaina, aldi berean, Bertak behatzen duen bakoitzean, begirada itzultzen dio «so egile»-zuzendariari, kamerarekin solasean arituz; nolabait ere, begiraden elkartrukean dago filmaren mamia.
Horretarako, Guerín-ek planoaren hustuketa darabil, ezinbestekoa ez den guztiari uko eginez. Hitz gutxiko filma da eta apenas ez dago ekintzarik. Denbora geldiaraztea da garrantzia duena, ia musikala den kadentziarekin, begirada arruntez gozatze aldera, familiarra eta urrutikoa batera den mundua berreraikiz.
Modu horretara, “Los motivos de Berta” film arruta da, eta ikusleek atsegin ohi ez duten gauza bat besterik ez du eskatzen, alegia, zinemagileari behatzen laguntzea, ba eta, zeinu-multzo bat argitzen ere.
Neurri batean, behin  «ingurukoa» desagertutakoan, introspekziokoa edo barne-begiradakoa da filmaren emaitza, denborari «errealismo magiko»-eremua fabrikatuz (inoiz baino hobeto holako termino ukituegia erabiltzeko, zuloak nahiz petatxuak konpontzeko balio duena), azken erreferentea protagonista bera izanik, eta haren presentzia hutsa nagusitzen zaio «kanpo-istorioren» bat eraikitzeari, izan ere, halakoren bat existitzekotan, ageriko kausalitatez (ez kasualitatez) josita egon beharko litzateke, egiantzeko «gogorrak» diren zenbait uneren bilakaera bultzatze aldera, kanpo-ildo narratiboz elkartuak, horretara, psikologismo-sustraia duen nolabaiteko «errealismo naturalista» egiaztatzen da, gauza komuna baita telebista-arloan nagusi den gramatikan (aldi berean, zinemagintzaren praktikarik ohikoenaz elikaturik baitago).
Aldiz, nagusi den joeraren aurka joz, “Los motivos de Berta” zehaztu gabe gelditu diren anotazioz beterik dago; bai eta, ihes egiten diguten motibazioez ere, baina haien osotasunean bestelako diskurtso narratibo eta koherentea ahalbidetzen dute, jakinaraztear dagoen zerbaiten esperoan baina, dirudienez, gertatzen ez dena.
Egiazkoa da honako hau: “gaur egungo zinemagintzaren zerbaitek ikaratu egiten nau: hain da handia arau gramatikalen mekanizazio- eta estandarizazio-maila, ezen egoera inorganiko bihurtu baita, inolako hausnarketarik gabekoa, klixe hutsa” (José Luís Guerín). Horrelako atakatik ateratzeko, “Los motivos de Berta” eta hamarkada hartako filmik txukunenetan agerturiko barnerakoitasuna etorriko zen, metahizkuntza-mota batean inplizitu dagoena, hau da, behin «ergelaren begiradaren» (Badalonako Raul Ruiz zenaren zorioneko esaera; ez, ordea, txiletar zuzendariarena) inozentzia galdutakoan, abangoardian dauden idazkerek nolabaiteko «kurbatzea» behartzen dute, sintetikoki, gogoetazko balio erantsian aitortzen dena; izan ere, automatikoki eta erreaktibo eragingarri gisa, doan izan gabe, modu arduratsu eta heldutasunez fotograma inpresionatu bakoitzean eragindako balioa da. Aipuaren aitorpen soiletik haratago, aginte-balioren bat (laburra) ekarri egin zuen, “Los motivos de Berta” filmaren plano orok, ahalik eta modurik zintzoenean, «izateko» eta «zinema izateko» gogo alienaezina erakusten du, Guerín-en buruan sorturiko jatorrizko ideiatik hasitako abiapuntura itzuliz, hortaz, hasierako lekuan amaitzen du; baina, hori bai, bidean utzitako lan zinematografikoak «istorio» baten «antzezpen» hertsiaren balioa gainditzen du.

Zinema zinema (truk)
Diskurtso horren ildoan, azaletik aipatua, ez da kasualitatea filmean beste film (ezezaguna) egotea, eta guk haren berririk ez izatea, edo talde zinematografiko batek ikusiko ez dugun errodajea nola prestatzen duen guk ikustea, eta “Los motivos de Berta” filmaren alderdi ugarietako bat etxe bakartian (Gaztelako itsasoko barrualdean, hau da, galsoroen artean) bakarrik bizi den ero batek Bertarekiko duen FASzinaziotzat hartzea; era berean, ez da kasualitatea Iñaki Aierrak parte hartu izana, Saura-ren arrakastarik gabeko “Dulces horas” eta “Elisa vida mía” filmeko etxean egondakoa (hala ere, Guerín katalanak ez du inondik ere Aragoiko zinegilearen unibertsoaren kalkorik egiten). Halaber, Arielle Dombasle amerikarraren presentzia, Rohmer-en (eguneroko bizitzaren beste behatzaile urduritu bat) karatula-aktoretako bat baino zerbait gehiago dena, baita zuzendari dena, besteak beste, “Chasse – Croise” filmarekin; eta soprano ere (Schubert-en «lieder» bat abesten du “Los motivos de Berta” filmean); aktore gisa nabarmendu zen Marion Davies-en paperean “Tximino eroaren ametsa (El sueño del mono loco)” filmean, orain dela bi hilabete berriro hemen pasatutakoa.
Ildo berean, Gerardo Gormezano-k (beranduago, “El vent de l’illa” zuzendu zuena, eta gure urte zinematografiko honetako lehen filma) zuri-beltzez egindako fotografiak (bitxikeria edo baliabide tekniko ezaren adierazle izan beharrean, guztiz kontrakoa da, kolorez egindakoa baino askoz ere zailagoa eta kostu handiagokoa baita) printzipioen deklarazio hura dakarkigu: “zinema-arloan, kolorearen balio semantikoarekiko mesfidantza bat gehiago. Nire ustez, pinturan oso interesgarria da, argazkigintzan arraroa eta zinemagintzan batere ez”) (José Luis Guerín). Azkenik, azpimarratzekoa da soinu-bandaren eraikuntza (solasaldiak, musika, zaratak) ezohiko moduan landua.
Modu horretara, “Los motivos de Berta” filmari buruz aipaturiko alderdi guztiok, kritikarik adeitsuenak antzemandako omenaldiak eta eraginak gainditu eta integratzen dituzte: arestian egin dugu batzuen aipamena; hona beste batzuk Bresson, Jean Eustache, Philipe Garrel… Jaques Tati. Ez dugu erakutsi gabe utziko Guerín-ek bere inspirazioaren inguruan egindako aipamen esplizitua: “klasikoen zineman, Dovjenko-ko galsoroetan, Ford-en hodeitzarretan”.
Edonola ere, aho batez, 80ko hamarkadaren espainiar filmik onena izan zen.

Manu Paja Fano

1991/03/04 · LOS MOTIVOS DE BERTA · Espainia · 1983 · 118 min · Zuz. José Luis Guerín · Gid. José Luis Guerín · Arg. Gerardo Gormezano · Munt. José Luis Guerín · Mus. Jean-Louis Valero eta Arielle Dombasle · Akt. Silvia Gracia · Arielle Dombasle · Iñaki Aierra · Raquel Díaz · Juan Diego Botto · Raúl Freire · Carmen Ávila · Pura Bodelón