LE LIVRE D’IMAGE

LE LIVRE D’IMAGE

FLb (KORTeN!): Basoan, Aitzol Saratxaga

Gonb.: Aitzol Saratxaga (zuz)

Jean-Luc bizkorraren ‘hordago’ harrigarria (Paris, 1930), bere adina (88) eta gainean duen filmografia kontuan hartuta, maisu erakustaldia egiten digu (edo ez, Godarden gaineko betiereko eztabaida). Gerta liteke ohiko ikuslea erotzea irudien abiadura eta segida ikusita; probokatzailea da eta intentzio 'iraultzailea' du; izan ere, badirudi ikuslea behartzen duela irudian mezu bat bilatzera, interpretatzera, ikusle arrunta izan beharrean. Zentzu bat edo beste emateko manipulatutako irudi aukeraketa horretan, ikuslearen pazientziarekin eta ezagutzarekin jokatzen du (ikuslea saiatuko da buruari eragiten film horren zein besteren gainean, baina atsedenik gabe). Koloreak, txuri-beltzak, distortsioak, mugimenduak, mundu esperimental eta beti bezala urrunean sartzeak harrapatu egiten zaitu (hipnosia), eta 90 minutu eskas horiek esperientzia paregabe bihurtzen ditu. Ez dauka parekorik; ezkerreko poltsikotik ateratzen du filma beste behin. Eremuaren barneko eta kanpoko soinuekin ere jokatuko du, soinu garbi zein distortsionatuekin. Film bat manipulagarria dela erakutsi nahian, ikuslea bera manipulatzen du.

Areto orria

2019/11/05 · Le livre d’image - Francia-Suiza - 2018 - 90 m. - Zuz: Jean-Luc Godard - G Jean-Luc Godard - Akt: Dokumentala