ZINEMALDIA 62. (2014) Ibaia, Itsaso eta IRUDIAK

zinemaldia

Ttipi-ttapa, (Urumea) ibaiaren ibilbideari jarraituz, (Kantauri) itsasora iristen gara: geurea dugu irudia, hondoratutako kuboak. Ibaiaren ertz batetik bestera egiten dugu jauzia, emanaldi berri baten bila. XX. mendearen hastapenetik (Victoria Eugenia / Maria Cristina -1912- ) mende beraren bukaerara arte (Kursaal -1999- ), eta aurretik atzera edo atzetik aurrera… irudiak (erretinen bitartez) gogoan ‘grabatzen’ dira.
62. Zinemaldiaren hasieran ikusitakoa, modu sinplean, kontuan hartuz, honatx pintzelada batzuk.

PERLAK
“Mommy”. 2014  Kanada. 134’  -> Xavier Dolan
Hautsitako familia: aitarik ez (duela hiru urte hilda), hamabost urte inguruko semea errekuperaziorako zentroetan (hiperaktibitatea), eta baliabide urriko nahiz ‘norabide ezean dabilen amatxo’. Horiek ditugu saskia egiteko Dolan-ek erabilitako osagaiak, istorio itogarria, Epaimahaiaren Sari Berezia jaso egin zuena Cannes-en. Euren aurrean familia ibiltari bat (auzora etorri berria), Quebec-en edonon. Eskertzen diogu Dolan-i hiritik kanpora eraman izanagatik, harremanetan arreta jartzeko ‘naturaltasunez’ (natura)… udazken, negu, udaberria.
Beste ‘ama’, lagun berria eta arazoekin ere bai (toteltasunean islatua).
Tonu desberdinez gora eta behera egiten dugu filmaren erritmoan. Samurtasun eta adiskidetasunaren, krisi eta indarkeriaren artean. Gure aurrean dugu Annie Dorval bikainaren sekulako antzezpena (Diane, amatxo), Antoine-Olivier Pilos-en (Steve, semea) eta Suzanne Clément-en (Kyle, auzokoa) laguntza ederrarekin. Xavier Dolan-ek hirukote berezi eta originala asmatzen du, emozioetan garamatzana. Ezusterik gabeko amaiera, oro har, zapore ona uzten duena (upelako ardoa bezala), nahiz eta filmean zenbait egoera ‘luzatu’ egon.

SAIL OFIZIALA 
“La isla mínima”. 2014  Espainia. 105’ -> Alberto Rodriguez
Ia hamar urte pasa dira “7 vírgenes” (2005) film hartatik, zeinetan Alberto Rodriguez aurkitu genuen, haren ‘savoir faire’ agerian utziz, bereziki, aktoreak (Ballesta-Carroza) zuzentzeari dagokionez, kasu honetan Raul Arevalo - Javier Gutiérrez. Urbizuk irekitako zirrikituari (“No habrá paz…”) probetxua ateraz, Albertok sakonezko ‘polizia-thriller’ batean murgiltzen gaitu Huelva eta Cadiz arteko paduretan. Kredituetan ahozabalik uzten gaitu (ez dakit bada tranpa amazoniarra ote den). Zirraragarria! Eta, aldi berean, zoragarria.
Nahi gabe, arrastaka zaramatzan bilbea, atmosfera bikainean estalia, bisuala nahiz musikala Julio de la Rosa musikariarekin (Albertorekin “7 vírgenes’ filmean ere jardun zuena). Gidoia ezin hobeto armatua, ia-ia borobila (gauza pare bat solte gelditzen dira, apuntatu eta diluitzen direnak: hiltzailea, boterea, iragana, greba), ez zegoen ezer gehiago egiteko astirik. Ikusi beharra dago… ea zer iruditzen zaizun.

SAIL OFIZIALA
“Une nouvelle amie / Neska-lagun berria. 2014  Frantzia. 107’ -> François Ozon
Orain dela bi urte “Dans la maison” (2012) ikusi ondoren, gidoi indartsua (urte hartako maskorraren irabazlea), ilusioz etorri ginen François-en lan berriaren emanaldira, baina ufa!!! Hura dezepzioa! Ausartua, hori baí, baina istorio hutsala, Romain Duris-ek (David/Virgínia) pertsona¡aren antzezpen bikaina egin arren. Agian, inguruak (etxetzarrak, autoak eta pertsonaiak) istoriotik urrundu egiten gaitu. Lan egin ala ez (hor ez dago koska), azken batean, filmean sartu gabe gelditzen zara, hasiera ederra eta zehatza badu ere (Lauraren hiletan Claire-k euren arteko adiskidetasunaz aritzen da), Ozon ederki dabil, alabaina, erdibidean gelditzen da, alegia, komedia erromantikoaren (ondo) eta izakiaren zalantzaren inguruko gogoeta burutsuaren artean (oso gaizki), Anais Demoustier-k (Claire) ahalegintzen da pertsonaiari behar bezala ‘eusten’, baina alferrik (nire ustez). Hurrengoan izango da! ...itxaropen gehiegi, beharbada. Kanadan filmatua (hala iruditu zait).

PERLAK 
“Retour à Ithaque / Itzulera Itakara. 2014  Frantzia. 95’ -> Laurent Cantet
Oraingo honetan Laurent Cantet Habana aldera joan zaigu. Egundoko filma (ez guztientzat, uste dut), izan ere, sei aktoreren arteko ‘tour de force’ delakoa egitera ausartzen da. Ia egun batez berriz elkarrekin egotea. Abiapuntua da ‘Eva María’… se fue, buscando el sol en la playa… eta horretan datza: joan-etorria (Retour), geroago, Serrat. Aktoreek ‘izugarrizko’ sendotasuna agertzen dute antzezpenean, amaren “frijolek” gozarazten ari zaizkit oraindik ere. Ilusio haien nostalgia, Kubaren kasuan areagotzen dena. Barre eta negarra eragingo dizute (paketearekin batera datoz), badakite emozioak barneratzen, testuari nahiz formari dagokienez. Bada, ordu amaiezinak etxeko terrazan. ‘Dagoeneko ez gara ginena’, penak eta pozak… banan-banan ‘biluztuz’ doaz narrazioan… agian horregatik, bitxi txiki hau ez da mundu guztiaren gustukoa. Niri xarmagarri iruditu zait, Toronto-ko ikusleekin gertatu zen bezala … Frantses bat (Cantent) Kubako muinean… Toronto-n gogoz txalotua. Harrigarria, ez da? Argibideok zure gogokoak izan badira, ikusi beharra daukazu nahitaez.

SAIL OFIZIALA
“The drop”. 2014  Estatu Batuak 107’ -> Michaël R. Roskman
Atlantikoz beste aldean segitzen dugu, Brooklyn-eko negu hotzean, baina amaieran ‘forsythia’ bat loretan dago (arrastorik ote da?). ‘The drop’ kontzeptua azaltzen digun off ahotsa, mafia berriztatua. Michaël R. Roskman-i film borobila gelditu zaio (ez du arrakasta handirik erdietsiko, alabaina, pozik egon behar du), belgikar honek 2004. urtean ekin zion filmatzeari, eta oraingoan Atlantikoz beste alderako jauzia egin du, errodatzeko moduagatik. Dennis Lehane-ren gidoia irmoki armaturik dago. Halaber, ia entzunezina den soinu-banda musikala gehitzen diogu, zinta osoan zehar lagundu egiten dizuna (hala esaten al da, orain?), Raf Keunen dugu horren erruduna. Eduki onekoa eta, dagokionean, ozena… plazer bat! Honako aktore hauekin: James Gandolfini, pantaila osoa betetzen duena… pertsonaia sinesgarriaren antzezpena egiten du, gehiegizko keinurik egin gabe, ia indarkeriarik gabeko exekuzioak (bi esanahietan) egiten ditu, guztizko presentzia, duen begirada, keinuak, dikzioa (sekulakoa!). Tom Hardy dugu Kontrapuntu gisa, poloniar emigrantearena egiten duena, hieratikoa, lasaitasuna transmitituz mundu ustel batean (Mafia txetxeniarra…!!!). Emakumezkoen ukitua falta genuen: Noomi Rapace (Nadia, txisteko izena duena) aktore suediarra, mugitzean, edertasun bereziari eta ‘egote’ desberdin horri maitasuna dariena, besarkatzeko gogoa eragiten dizu (babesteko).
‘Film txiki’ honetako talde osoak ‘handia’ dela sentiarazten dizu. Hala pentsatu zuten bertaratutako guztiek, batez ere, James ‘super’ Gandolfini-ri egindako eskaintza agertzean (haren oroimenez). Eragina sortzen duen filma, handikeriarik gabekoa eta zuzena… ZINEMA indarberritzen du. 

SAIL OFIZIALA
“En chance til/Bigarren aukera 2014  Danimarka - Suedia. 105’ -> Susanne Bier
Istorio bihurria, egonkortasunaren eta ezegonkortasunaren ingurukoa, irudiz izan daitekeena, baina ez dena. Begia darabil lehen planotzat, pentsamenduaren kateko lehen kate-maila gisa (ikusten duzu – pentsatzen duzu), eta Susanne Bier jolasean dabil horrekin. Horretara, harrigarrizko eraginkortasunez zaramatza bere alorrera. Baliabide eta efektu gehiegirik gabe. Istorioak nahiz lau ekintzak harrapatzen zaituzte ibilbidean (105’). Halaxe lortu zuen “Brodre/Anaiak” (2004) filmarekin, egoera mentalean, sentimenduetan eta beraren ondorioetan muturra sartuz. ‘Oraingo honetan’ istorioa bihurritzen du berriro ere, eta suspense ‘jarraituari’ eusten dio. Egia esan, itxura ederreko protagonista haiek ez naute batere hunkitu, alabaina, haien atzean Nikolaj Lie Kaas (Tristan) dugu, agertzen den bakoitzean, ia konturatu gabe eszenaz jabetzen dena. Aldiz, ‘politek’, gaizki egon gabe, ‘posea’ besterik ez didate transmititzen. Eszena-girotzeak (barnealde–kanpoaldea, ongizate-pobrezia, ontasun-gaiztotasuna), itsasoak eta Johan Söderquist-em musikak estaltzen dituzte arrakalak, eta filmtxoa badoa. Halaber, kontrapuntu gisa aritzen den bikotearen aipamena egingo dut, istorioari aitzakia perfektua ematen baitio. Gustura ikusten da. Lastima ezinbestekoa ez den amaiera buenista hori.
Ez dakit irakaspenik ote dagoen: ‘dena daukazulakoan zaudenean, zerbait falta da…’

PERLAK
“Pasolini”. 2014  Frantzia–Italia-Belgika. 87’ -> Abel Ferrara
Bada, bada… dirudienez, FINE (sinbolikoa) nire neuronak borrokan, eztabaidan, kontraesanean ari dira, izan ere, kredituetako izenburuetan ‘kulturaren ondarea’ edo horrelako zerbait agertzen da. Frantsesek, italiarrek eta belgikarrek indarrak batu dituzte, Abel eta Willem estatubatuarrek euren harri-koskorra ekarri dute, eta ‘amaitzean’ zerbait falta zaidalakoan nago. Film honek Pasolini-ren unibertsoan murgiltzeko gogoa eragin dit: poeta, zinegilea, sexuala, politikoa…
Ikusitako film-atalak ez naute mindu: Pasolini familiarra, Pasolini-ri egindako elkarrizketak (frantsesez, italieraz, ingelesez..), gris koloreko Roma, bilaketa sexuala. Hala ere, …ren faltan gelditu naiz.
Aretoan, Abel eta Willem, txalotzen dut, alabaina, oraindik … falta zaidala sentitzen dut.
Venezian bezala, Donostian badirudi ikusleak ‘guztiz’ konbentziturik gelditu ez direnik, are gutxiago kritikari dagokionez . 

-> eta (niretzat) Zinemaldia sar dadila kalabazan, geroz eta handiagoa, ‘itsasoko’ oldarrak (krisia) saihestuz, dike donostiarrek pairatu behar izan zituzten ez bezala. Azken finean, ez da txarra izan ‘paseo’ zinematografiko hau, hurrengoan elkar ikusiko dugu (63.a).

txarli