SEMINCI-59 PISUERGA ETA GARONNE KRONIKA

seminciPisuerga-z ari gara.… aurreko astean Garona ondoan egon ginen ere bai.
Hala bada, Valladoliden zehar ibili eta 59. SEMINCI ikusi genuen, eta astebete  lehenago, kasualitatez, ia jaio berria den Bordeleko III. Festival international du film indépendant (FIFIB) izenekoan izan ginen. Labur dezagun.
           
Sail Ofiziala (Carrión antzokia)
“Deux jours, une nuit” Jean-Pierre eta Luc Dardenne   2014 / Belgika-Frantzia-Italia / 96’     
           Aurtengo Seminci-n (2014) Dardennetarren azken lana izan dugu abiapuntutzat. Film zehatza eta ia etengabe markatzaile gisa jarduten duena. Dardenne anaiak berriro barneratzen dira belgikar gizartean, kasu honetan Marion Cotillard bikainaren eskutik, ‘neurrizko’ antzezpen ederra, haren pertsonaia izaki sinesgarri bihurtuz. Aktore-multzo batek ongi lagundu eta ‘oreka’ ematen diote Sandrari (Marionen pertsonaia). Agian, Dardennetarrek agerrarazten gaituzten maratoi moduko horretan, alferrikakoak dira hasieran Sandraren eta antzezkideen arteko solasaldian behin eta berriz aipaturiko hitzak.
            Handikeriarik gabe, Dardennetarrek, Belgikari buruz ‘gaur egun’ duten ikuspegia eraikitzen dute, jatorrien eta psikologien mosaikoa. ‘Graziarik gabeko’ sekuentzia batetik abiaturik (zeinetan gerentearen eta bi emakumezko langileen arteko solasaldiak bidea ematen dion filmaren jatorriari: kaleratzea versus ‘prima’) zenbait gorabehera sortuko dira, bereziki, emoziozkoak (Sandra), “bi egun eta gau batean” helburura iristeko.
            irakaspenezko amaiera, garaipen zaporea duen porrotarekin. Aurreko filmik berrienetan gertatu ez bezala, oraingoan Dardennetarrek ez digute zirrara handirik sorrarazi, alegia, “Le silence de Lorna” edo “Le gamin au vélo” filmak, hala ere, eutsi egiten diote maila onari.
 
Sail Ofiziala (Carrión antzokia)
“Marie Heurtin” Jean-Pierre Améris      2014 / Frantzia /95’
J-P Améris erretratu historikoaz (XIX. mendearen amaiera) eta egiazko oinarriaz baliatzen da, Frantziako landa eremuan koka gaitezen, zehazki, mojek kudeaturiko abegi-zentro batean. Zentroan hartutako neskato gor-itsu baten istorioa, alegia, Marguerite mojak (Isabelle Carré) Marie (Ariana Rivoire) zaintzeko ardura hartzen du. Hortik aurrera, bi pertsonaien arteko ‘tour de force’ handia sortzen da gure aurrean, lasaitasunezko paisaia-eremuan tentsio handiko uneak biziko direnak. Hobekuntza pertsonala eta etengabeko erronka eskaintzen dira istorio honetan (bereziki, Ariana Rivoire-ren kasuan, zailtasunez beteriko antzezpena egiten baitu), zeinetan Marguerite lekaime saiatuaren mistizismoak kontrapuntua jartzen dion.
Améris-ek bi pertsonaien antzezpenaren esku uzten du interes nagusia, aldiz,  ingurua, Marie-kin dauden neskak edo zentroko lekaimeak bigarren mailan gelditzen dira nabarmenki. Era berean, hasieran horrelako metodoari muzin egiten zion moja nagusi bat txunditurik amaitzen da (istorioan txertatua). Badirudi sentimendu bakarra dagoela, hau da, hobekuntza pertsonalarena, eta Améris-ek hartara garamatza begikotasunez. ‘Negar malkotan’ erori gabe, pixkanaka txunditu egiten gaitu. Aldi berean, Marie-ren zerbait ikusleengan barneratzea lortzen du: errebeldia, maitasuna, borroka eta konprenitzea.            

“Berlin Troika”    Andrej Gontcharov                       2014 / Alemanía / 10’ / Fik. Luzearekin batera film labur bat proiektatzen da. Oraingo honetan Andrej Gontcharov-ek ‘bakeaz’ egindako solasaldi serio-komikoa aurkezten digu, itzultzaile baten hamar minutu jenialak. Sekulako giropena eta antzezpena. Laburra eta ona, debut ederra.

 
Sail Ofiziala (Calderón Antzokia)
“Whiplash” Damien Chazelle       2013 / USA / 105’
Calderón antzoki berriztatuak 2014ko 59. Seminci-ren  goizeko saioa hartzen du Horretara, goiko jesarlekuetara abiatzen gara, “Whiplash” filmaren bertsio luzean barneratze aldera, aurrez Damien Chazelle-k berak film laburrez garatu egin zuena. Halaber, estatubatuar filma dugu hau, zinemaldi honetan oso ohikoa ez dena.
Film musikala, estalia, musikari batek arrakasta lortzeko egiten dituen ahaleginetan oinarritua (gainerako guztiek gustatu ala ez). J.K. Simmons ‘totala’ ikusteko parada dugu, Terence Fletcher irakaslearen paperean (pantaila nahiz ikusleak jan egiten ditu), baliteke une batzuetan gehiegizko antzezpena egitea, alabaina, ez zaitu indiferente utziko. Antzeko zerbait esan daiteke bere aurkariaren kasuan (Miles Teller), Andrew Neyman ikaslearena egiten duena (eta nola!). Inpaktuzko filma dugu hau, ondo egina eta, zalantzarik gabe, publiko zabalak harrera ona egingo diona. Jazz zaleok izugarri gozatu dugu, dena dela, zinematografikoki egoera luzeegiak eskaintzen dira. ‘Kamera subjektibo’ bikainez gozatu, eta ez, egin genuen. Hala ere, oro har, irabazle eta garaituaren irudiarekin geldituko gara, ‘aurpegi ona’ aterarazten diguna. Gainera, denbora laburrean bada ere, Nicole-ren pertsonaiaren txertatze perfektua (Melissa Benoist) aipatzea geratzen zaigu, une batez zalaparta handitik aldentzen diguna.
           
“42 zb.ko Symphony” Réka Bucsi         2013 / Hungaria / 10’ / Ani.
Une batez, Alberto Vázquez + Pedro Rivero-ren “Birdboy” edo “Unicorn blood” filmen aurrean nagoela deritzot. Gizon-animalia edo animalia-gizonaren inguruko ikonoak eta alegoriak. Serpentina amaiezin gisa munduari bira gabiltza animaliez inguraturik, morse moduko hizkeran mezuak bidaltzen dizkigutenak (batzuk jenialak).

Topalekua (Zorrilla antzokia)
“Kauboji” Tomislav Mrsic              2013 / Kroazia / 104’ 
Plaza Nagusiko Zorrilla antzoki zaharberrituan itsasoz beste aldera goaz, Kroaziara hain zuzen ere, Adriatiko kostalde turistikotik urrutira. Ia-ia ‘lKaurismäki-ren munduetan’ murgildurik (ez-jakineko lekuak). Hasiera deskriptiboa testuinguruan koka gaitezen: petrolio-ustiapenetan zehar dabilen ibilgailu baten gaineko plano zenitala. Barnealdea.
Presta gaitezen komedia gazi-gozo honetaz gozatzeko (Oscar sarietarako Kroaziak aurkeztua). Tomislav-ek bi argumentu-ildo aurkezten dizkigu: bata, bizitza indibidualen jostura eta bestea, antzerkia (filmaren jatorrizko antzezlana).
Aipatu hasieraren ondoan, Tomislav Mrsic-ek kredentzialak aurkezten ditu antzezlan bateko hautatze-castingean. Barrez lehertzeko pelikula osoan zehar, eta hortik abiaturik film normal bat dugu gure aurrean, zeinetan ia ez den ezer gertatzen, baina ingurunea eta klase sozialak erakusten diren. Gagen artean hausnarketa-puntua. Osorik hartuta oso lan duina da, eta helburuari heltzen dio… denok barre egitea.

III FESTIVAL INTERNATIONAL DU FILM INDÉPENDANT BORDEAUX

 FESTIVAL INTERNACIONAL DU FILM INDEPENDANT  BORDEAUX           Kasualitateak eta zirkunstantziak, Bordeleko bisitaldian 3. FIFIB-ekin egin genuen topo, zinemaldi ‘txikitxoa’ frantses zinemaldi-eremuan leku bat izateko ahaleginetan dago. Beraz, probatzearren…

Compétition Officielle (Utopia)
“Vincent n’a pas d’écailles / Vincent-ek ez du ezkatarik” Thomas Salvador  2014 / Frantzia/ 78’
Ustekabean Thomas Salvadorren ekoizpen arriskutsua eta duina ikusteko aukera izan genuen, egilea aretoan bertan zegoelarik. Oraingoan Thomas Cheysson eta Thomas Bidegain gidoilariek lagunduta. Fantasiazko film arrunta, Thomas Salvador bera interprete gisa aritzen da. Langile xume bat du pertsonaiatzat, urarekin kontaktuan dagoen bakoitzean, gaitasunak eta indarra bereganatzen dituena. Lagunak, maltzurrak, neska eta eszeptizismoa… polizia ohiko osagaiak direlarik.
Berak zinema-aretoan bertan azaldutakoaren arabera, komiki gisa, heroi bat irudikatu nahi izan du, baina frantses (europar) erara, betiere ‘efektu’ gehiegirik erabili gabe, istorioak txarrera egingo bailuke nabarmenki.

Film hau denbora-pasa batean gelditzen da, egiazkoa (gezurrik gabekoa), apenas harritzen gaituena, alabaina, duintasuna duena. Nire irudirako, gazteen gustukoa izan daiteke, bai eta, helduena ere, ‘iheserako’ (ez kapital-iheserako).

 txarli